Politika -

Paris

Hasi da Urrutikoetxearen aurkako epaiketa, atzeratzeko eskaera errefusatu ostean

ETAren buruzagi ohiak adierazi du 2006ko irailean utzi zuela erakundea desadostasunengatik, baina 2011 eta 2013 artean negoziatzaile taldean parte hartzea onartu zuela.

Urrutikoetxea Auzitegi Korrekzionalean, Parisen. Argazkia: Efe
Urrutikoetxea Auzitegi Korrekzionalean, Parisen. Argazkia: Efe
Urrutikoetxea Auzitegi Korrekzionalean, Parisen. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxea ETAren buruzagi historiko ohiak Parisko Auzitegi Korrekzionalean esan duenez, 2006an utzi zuen erakundea ildoarekin zituen desadostasunengatik, baina 2011 eta 2013 artean Espainiako Gobernuarekin negoziatu behar zuen taldean parte hartzea onartu zuen armak baztertzea erabaki zelako.

ETAren buruzagi ohiaren aurkako epaiketa gaur hasi da, epaileek defentsak eskatutako atzerapena errefusatu ostean, eta asteazkenean amaituko da.

Urrutikoetxeak esan du erakundea utzi zuenean bere laguna den mediku baten abeletxe batera joan zela bizitzera, Durban-sur-Arize Pirinioetako udalerrian, Daniel Martin unibertsitateko irakaslearen paperean.

Bertan egon zenean ez zuen "erakundeko inor" ikusi, 2011ko uda amaieran "ezker independentistak" Norvegian Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko taldean sartzeko eskatu eta bertan Iratxe Sorzabal eta David Pla ordura arte ezagutzen ez zituen ETAko kideekin elkartu zen arte.

Azpimarratu du bera ez zela ETAko kide gisa joan Norvegiara, Pla eta Sorzabal ez bezala, baina onartu egin zuela joatea erakundeak 2009an estrategia iraultzea eta "soilik bide demokratikoak" erabiltzea erabaki zuelako.

Errefusatu egin dute atzeratzea

Urrutikoetxearen abokatu Laure Heinichek gaurko epaiketa abiatu aurretik esan du Veronique Dudouet lekukoari bidalitako jakinarazpena "faltsutu" ote zuten susmoa dutela, eta horregatik ezin izan duela gaur bertan egon.

Horregatik eskatu du epaiketa atzeratzea, baina Fiskaltza aurka agertu da, auzia aztertzeko pertsona hori ez delako "ezinbestekoa", eta defentsarentzat "horren garrantzitsua" izango balitz, agertu egingo zelako.

Laurent Pasquet-Marinaccek (beste defentsa abokatua) "zentzugabe"tzat jo du bere bezeroaren egoera, eta gogor gaitzetsi du Fiskaltzak Urrutikoetxearen negoziatzaile lana baztertu nahi izatea.

ETAko buruzagi ohia errebeldian epaitu zuten eta zortzi urteko kartzela-zigorra jarri zioten 2017an, 2010etik 2013ra erakunde armatuan izan zuen arduragatik, eta epaiketa errepikatzen ari dira orain, akusatuak eskatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Delituak Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak