Politika -

INDULTUAK

Indultuek "gatazka arindu" dezaketela uste du Junquerasek

ERCko buruak berretsi du aldebakartasuna ez dela bideragarria eta adostutako erreferenduma proposatu du. Gainera, ausardia politikoaren eta adiskidetze sozialaren garaia dela esan du.

Oriol Junqueras. Argazkia: EFE.
Oriol Junqueras
Indultuek gatazka arindu dezaketela esan du Oriol Junquerasek lehen aldiz

1:19

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oriol Junqueras ERCko buruak astelehen honetan onartu duenez, indultuek "gatazka arindu dezakete, errepresioaren mina eta Kataluniako gizartearen sufrimendua arinduz", eta berretsi du aldebakarreko bidea ez dela bideragarria, ezta desiragarria ere, 2018ko irailean adierazi zuen bezala.

Ara egunkarian eta La Sextan argitaratutako eta Europa Pressek jasotako gutun batean, amnistia irtenbiderik onena dela defendatu du, baina "gatazka desjudizializatzeko edozein keinuk bide hori egiten laguntzen du".

Junquerasen hitzetan, amnistia da "jazarpen judizialaren aldeko apustuarekin amaitzeko lehentasuna", izan ere, preso independentistak eta atzerriko agintariak ez ezik, "urriaren 1eko auzi judizialetan 3.000 pertsona daude inplikatuta, eta neurri hori jaso beharko lukete".

Junquerasek eskuz idatzitako eskutitza publiko egin da, Espainiako Gobernuak udara baino lehen urriaren 1aren bultzatzaile izan diren presoentzat prestatzen dituen indultuen zain, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Pere Aragones Generalitateko presidentearekin duela hiru egun telefonoz hitz egin ostean.

Gutun horretan, ERCko buruzagiak esan du independentziarako biderik onena eskoziarra dela eta adostutako erreferenduma lortzea, izan ere, nazioarteko onarpen handiena sortzen duena dela uste du, aldebakarrekoak ez bezala: "Badakigu beste bide batzuk ez direla ez bideragarriak ez desiragarriak, lortu beharreko helburutik urruntzen gaituzten heinean".

Junquerasek tesi hori ere defendatu zuen 2018ko irailean, Lledonerseko kartzelatik adierazi zuenean ez zuela "bidezidorrik" ikusten Kataluniaren independentzia lortzeko, Espainiako Gobernuarekin adostutako erreferendumik egon gabe. Orduan azpimarratu zuenez, "bide bakarra" zegoen, eta Estatuarekin akordio batera iritsi behar zen, legezko erreferendum bat egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean ERC Kataluniako Generalitatea Espainiako Amnistia Legea gaur