Politika -

ICETA

Atzo onartutako neurriak betetzeko eskatu du Icetak, "denoi komeni zaigulako"

Icetak gogorarazi du neurriak "nahitaez" bete behar direla, eta Urkulluren jarrera gaitzetsi du. Juanjo Alvarez adituak adierazi duenez, neurriak proposamen hutsak da, Alarma-egoerarik gabe.

Miquel Iceta ministroa, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE
Miquel Iceta ministroa, gaur, Bilbon.
Miquel Iceta ministroa, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak erkidegoei eskatu die atzo Osasuneko Lurralde Arteko Kontseiluan onartutako neurriak bete ditzaten, "ez betebeharra delako, baizik eta denoi komeni zaigulako".

Iceta Bilbon izan da gaur, Aduana Zaharraren Eraikina inauguratzen, eta, ziurtatu duenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean bihar argitaratu ondoren Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak onartutako Koordinatutako Jardueren Adierazpena "lurralde osoan nahitaez bete beharreko agindua" izango da.

Azpimarratu du neurriak onartu egin behar diela "ez derrigorrezkoa delako, komeni delako baizik. Inoisk ez ditu atzo onartutakoa inposaketa gisa ikusi behar, baizik eta ahalik eta babes zabalenarekin onartutako irizpide batzuen ezarpen gisa, pandemiari aurre egiteko".

Ministroak gogorarazi duenez "pandemia ez da amaitu, ez du muga administratiborik ezagutzen eta, beraz, logikoa iruditzen zaigu jarraibide komun batzuk ezartzea".

Iñigo Urkullu lehendakariak "erabateko nahasmen" testuinguru batean kokatu ditu atzo Lurralde Arteko Osasun Kontseiluak hartutako erabakiak. Erkidegoen eskumenak urratzen dituztela uste du, eta argi utzi du Euskadik bere "ibilbide orria" jarraituko duela, Biziberri Plana, pandemiari aurre egiteko.

Icetak esan du ez zeukala Urkullu kritikatzeko asmorik "baina zehaztapen bat egin behar dut. Hark dio Gobernuak inposatu egiten duela, baina, ez, aizu. Erabakia atzo erkidego autonomikoen bozketaz hartu zen, Gobernuak proposatu egin zuen baina, hark ez zuen bozkatu ere egin", leporatu dio.

Proposamena, ez legea

Carolina Darias Osasun ministroak atzo egindako adierazpenei kontrajarrita, Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbideko katedradunak Radio Euskadiko Boulevarden esan du Lurralde Arteko Osasun Batzordearen erabakiak derrigor onartzekoak izan zitezkeela betiere Alarma Egoeraren Dekretuan oinarrituta eta erkidego gehienek adostuta badaude.

Gaur egun salbuespenezko araurik indarrean ez dagoenez, "Lurralde Arteko kontseiluak har ditzakeen erabakiak proposamen izaerakoak dira, ez inola ere lege-izaerakoak. Egungo egoerak ez du konpetentzien inguruko Konstituzioaren 149. artikulua aldatzen, ez du konpetentziarik aldatzen". beraz, esan du Osasun Ministerioak egiten duen proposamena ezin dela izan nahitaez bete beharrekoa "Estatuan ez dagoelako eskumenak zentralizatzea ahalbidetzen duen alarma arrazoirik. Lurralde Arteko Batzordeak ez du gaitasunik eskumen hori aldatzeko".

Alvarezen arabera, "Lurralde osorako neurriak ezarri ahal izango ditu, lurralde osorako Alarma Estatu bat dagoenean. Halakorik ez dagoenean, gisa honetako irizpideak ezin dira erkidego guztietan derrigor ezarri, haiek baitituzte Osasunaren, Osasun Publikoaren eta Babes Zibilaren eskumenak", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa