Politika -
Katalunia
Sanchezek "elkartasuna eta ez mendekua" bilatu nahi du indultuak aztertuta
Espainiako Gobernuko presidenteak zehaztu du erabaki bat hartzeko eztabaida ez dutela abiatuko Auzitegi Gorenak bere ebazpena eman arte.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Kataluniako prozesu independentistagatik zigortutako buruzagi politiko katalanei indultua emateko aukera "adostasuna eta elkarrizketa" bilatzeko asmoz aztertuko duela esan du Pedro Sanchezek, "eta ez mendekuan edo errebantxan pentsatuz".
Europako Kontseiluak Bruselan egindako goi-bilera amaitu ostean, Sanchezek agerraldia egin du eta, besteak beste, indultuen gaia izan du hizpide.
2019an, auzipetuek zigorra osorik bete behar zutela esan zuen, baina gaurko adierazpenak entzunda Sanchez indultua ematearen alde egon daitekeela ulertu daiteke. Ildo horretan, erantsi du "etorkizunari begiratzea eta akatsetatik ikastea oso garrantzitsua" dela.
Edonola ere, Espainiako Gobernuko presidenteak zehaztu du erabaki bat hartzeko eztabaida ez dutela abiatuko Auzitegi Gorenak bere ebazpena eman arte.
Horrez gain, ezinbestekotzat jo du Kataluniako alderdi soberanistek legea eta Espainiako Konstituzioa errespetatzea eta alderdi politiko guztiak adostasunetara heltzeko gai izatea, "zatiketak gaindituz".
Bestalde, gogora ekarri du mahai gainean hamaika txosten izango dituztela aztergai, auzipetu bakoitzeko bana, hain justu ere.
"Bakoitzak bere errealitatea eta ezaugarri propioak ditu eta denak banaka aztertuko ditugu", adierazi du.