Politika -

Desberdintasun teknologikoa

Bizkaiko Batzar Nagusiek eten digitalarekin amaitzeko neurriak eskatu dituzte

Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari bizkaitar guztien inklusio digitala susta dezan eskatu diote.

Bizkaiko Batzar Nagusiak, Gernika. Argazkia: Bilboko Batzar Nagusiak
Bizkaiko Batzar Nagusiak, Gernika. Argazkia: Bilboko Batzar Nagusiak
Bizkaiko Batzar Nagusiak, Gernika. Argazkia: Bilboko Batzar Nagusiak

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernikako batzar etxean egindako osoko bilkuran, Aldundiari biztanleen "ahalduntze teknologikoa” bultzatzea eskatzeko erdibideko zuzenketa-eske bat onartu dute. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bizkaiak babestu dute, biztanleak "digitalizazio prozesuaren parte” bihurtzeko helburuarekin. "Batez ere eten digitalaren aurrean ahulenak diren kolektiboak” hartuko dituzte kontuan neurri horiek.

Halaber, langileen arteko kontsentsua hobetzeko "Gobernu Digital Inklusiboa" eratzeko eskatu dute, bai eta "lurraldeko GovTech (sektore publikoaren eta startup teknologikoen arteko batasuna) sektorearekin lotutako enpresen, unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta teknologien ekosistema baten sorreraren buru" izatea ere, "Administrazioaren soluzio eta prozesu guztietan berrikuntza sustatuz, erakundeko beharginak ahaldunduz, ekimenaren funtsezko eragile izateko behar diren baliabideak eta prestakuntza emanez eta bermatuz, kalitateko enplegu publikoa sortu eta sektoreko mota guztietako enpresekin, erakunde publikoekin, esparru akademikoarekin eta ezagutza eta berrikuntza sortzen duten beste erakunde batzuekin lankidetza bultzatuz".

Arantza Urkaregi koalizio abertzalearen ordezkariaren hitzetan, trantsizio horrek "aldaketa handiak" ekarriko ditu, bai barrura begira, bai kanpora begira. Urkaregi berrikuntza "adostuak” garatzearen alde agertu da, trantsizio digitalaren arriskuak saihesteko. Jesús María Ortiz sozialistaren arabera, prozesu "mailakatua" izan behar du, "inor atzean eta diskriminatuta gera ez dadin". Talde Berezia-PPB izan da ekimenaren alde agertu ez den talde bakarra. Eduardo Andrade batzarkideak Aldundiak martxan jarri duen, pandemiarekin bizkortu den eta herritarrak "bertan behera uztea" eta aurrez aurreko zerbitzuak "desegitea" ekarri duen digitalizazio prozesua kritikatu du, eta "lasaitzeko" eta "pausoz pauso" joateko eskatu du, oraindik Interneterako sarbiderik ere ez duten "milaka pertsona" daudelako.

Errenta kanpainaren polemikari dagokionez, oposizioak, zerbitzua hobetzeko asmoz, aurrez aurreko plantilla eta plantilla telefoniko "publikoa" indartzeko eskatu dio Aldundiari. Mozioa Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu du, eta EH Bilduk eta Talde Berezia-PPBk babestu dute; izan ere, Eneritz de Madariaga talde moreko bozeramaileak aurrez aurreko arreta indartzeko eskaera egin du, eta Aldundiaren "erantzun falta" kritikatu du.

Ekimena atzera bota dute EAJk eta PSE-EEk, aldeko 18 boto izan arren aurkako 32 jaso baititu. Jose Alberto Alvarez Castejon sozialistak aldez aurretiko hitzorduaren bidezko aurrez aurreko arreta badagoela azpimarratu du, Aldundiaren hamar bat bulegotan ematen baita. Garazi Diaz Insausti jeltzaleen ordezkariak txalotu egin du edozein izapide telefonoz egiteko aukera eskaintzea, "pertsona askok eskertu egiten baitute foru-bulegoetara joan behar ez izatea". Horren esanetan, egunero 85 pertsona artatzen dituzte aurrez aurre, eta aurkeztu diren 330.000 aitorpenetatik 225 Ogasuneko bulegoetan egin direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Politika EAJ-PNV PSOE Bizkaia Errenta aitorpena Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi