Politika -

Migrazioa

Ceutara bakarrik iritsi diren adin txikiko batzuk hartuko dituzte EAEk eta Nafarroak

Ione Belarra Eskubide Sozialean eta 2030erako Agendaren ministroak lehendik Ceutan zeuden 200 adin txikikoak euren artean banatzeko eskatu die erkidegoei.

Militar bat besoetan mutiko migratzaile bat daramala. Argazkia: EFE
Militar bat besoetan mutiko migratzaile bat daramala.
Militar bat besoetan mutiko migratzaile bat daramala. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan Ceutara bakarrik iritsi diren adin txikiko migratzaileetako batzuk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Nafarroan hartzeko prest agertu dira, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Izan ere, Ione Belarra nafarra buru duen Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren Ministerioak lehendik Ceutan zeuden 200 adin txikikoak euren artean banatzeko eskatu die erkidegoei. 

Astelehenean eta astertean 8.000 migratzaile inguru heldu ziren Ceutara eta Melillara, tartean 1.500 adin txikiko, gutxi gorabehera. Espainiako Gobernuak 200 bat adingabe hartzea proposatu die erkidegoei.

Ione Belarra Espainiako Eskubide Sozialen ministroak deituta, erkidegoetako arduradunek bilera egin dute arratsaldean, Ceutara heldu diren adin txikiko migratzaileen egoera aztertzeko. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak, Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak eta Irune Muguruza Familia eta Haurtzaro zuzendariak parte hartu dute batzarrean, Eusko Jaurlaritzaren izenean.  

Ume horiek erkidegoetan hartzeko irizpideak argi eta garbi zehazteko eskatu dute, foru aldundiek kudeatutako aterpetxeetan dagoeneko migratzaile asko daudela argudiatuz.

Banaketa erkidegoen aberastasun maila, biztanleria eta langabezia-tasa kontuan hartuta egitea proposatu du Espainiako Gobernuak, Euska Jaurlaritzaren 'Share' programa oinarri hartuta.  

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du Ceutan bizi duten larrialdi egoerari premiazko erantzuna eman behar zaiola eta "arazo politikoak bide politikoetatik" konpondu behar direla.

Horrela, bada, migrazioaren arazoa aztertzeko "premiazko bilera sektoriala" deitu dezala eskatu dio Artolazabelek Espainiako Gobernuari, "azken urteetan ez baita bakarra egin". Halaber, Nafarroako Gobernuak ere bat egin du Eusko Jaurlaritzaren eskariarekin eta Migrazio Politiketako batzarra egitea galdegin du.

Migrazioaren auzia "elkarrekin" jorratzea defendatu du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Gobernuak uste du beharrezkoa dela autonomia erkidegoek eta Espainiako Gobernuak elkarrekin heltzea migrazioaren auziari. Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak Euskadi Irratiari adierazi dionez, Foru Erkidegoa prest dago Ceutara bakarrik iritsi diren adin txikiko migratzaile batzuk hartzeko. "Estatuak badaki guri laguntza eskatzen baldin badigu hor izanen garela", gehitu du.

"Erantzun egokiak, solidarioak eta iraunkorrak eman nahi dizkiegu bai egiturazko fenomenoei, bai unean uneko salbuespenezko egoerei ere. Nafarroa harrera lurraldea da, orain arte hori erakusten ari da", berretsi du Patricia Ruiz de Irizar Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken zuzendari nagusiak.

Ildo horretan, "Nafarroako Gobernuak Share proposamenaren alde egindako apustua" ekarri du gogora, "Irizpide objektiboak ezartzen baititu migratzaileak eta errefuxiatuak Europar Batasuneko eskualdeen artean modu solidarioan eta erantzunkidean banatzeko".

"Proposamen honekin bat egin dugun erkidegoek modu koordinatuan lan egiten dugu, gure ekimenez, eta oso jakitun gara koordinazio horren balioaz", gaineratu du.

Ruiz de Irizarren esanetan, beharrezkoak dira "informazioa, tresnak eta estrategiak Ministerioarekin eta beste erkidegoekin partekatzeko espazioak". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Migrazioa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Maroko