Politika -
Donostiako Miramar jauregia
Foro Sozialak bizikidetza eraikitzeko oinarrien dokumentua urrian aurkeztuko du
Ekarpenak jasotzeko epea uztailaren 15era arte luzatu du Foro Sozial Iraunkorrak, eta ordura arte gogoeta egiteko espazio publikoak ea pribatuak antolatzen jarraituko du.
EiTB Media | Agentziak
"Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko" oinarrien dokumentua urrian aurkeztuko duela iragarri du Foro Sozial Iraunkorrak, irailean "kontrastatzeko bilera sorta" egin ondoren.
Gainera, ekarpenak jasotzeko epea uztailaren 15era arte luzatu du, eta ordura arte gogoeta egiteko espazio publikoak ea pribatuak antolatzen jarraituko du, "konpromiso sozialeko prozesua" elikatuz.
Donostiako Miramar jauregiak Bake Bizikidetzaren Nazioarteko eguna ospatzeko ekitaldia hartu du larunbat honetan. Mixel Berhokoirigoin 'bakearen artisaua'ri omenaldia egin diote, Mikel Laboaren Txoria, txori kanta biolinarekin joz.
Eneko Calle Foro Sozialeko bozeramaileak gogorarazi duenez, urriaren 17an parte-hartze prozesu bat aurkeztu zuten, "pertsona ororen eskubide zibil, politiko eta sozial guztien errespetua lortzeko, kultura demokratikoa garatzeko" helburuarekin. "Belaunaldi berriei elkarrizketa kultura laga, XXI. mendean gatazkak konpontzeko tresna bakar gisa; eta bizikidetza demokratikoaz hausnartzeko", erantsi du.
Calleren ahotan, sei hilabete horietan Foro Sozial Iraunkorretik bilera sorta martxan jarri dute. Horrela, Foro Sozial Iraunkorra, entitateak eta eragile sozialak bildu dira. Era berean, Foro Sozialaren webgunean postontzi bat ireki dute, "edozein herritarrek bere ekarpena egin ahal izateko, dokumentua aberasteko".
Aitzpea Leizaola eta Mikel Casado Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileek ondorioen berri eman dute gaur.
"Elkarbizitza eraikitzea, eta are gehiago bizikidetza demokratikoa, amaierarik gabeko prozesu bat da, nahiz eta printzipio saihestezinetan oinarritu, gizartearen sektore ezberdinek etengabe elikatu behar dute, esperientziak, testuinguru politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak baldintzaturik", azaldu dute.
Bestalde, "elkarrizketa zintzorako" ateak zabalik daude, baina "gaur egun pertsona guztiek ezin dute herri honetan gertatutakoaz askatasunez hitz egin" eta "gizarte anitz batean kontakizun ezberdinek elkarbizi beharko dute", azpimarratu dutenez. Honenbestez, "gertatutakoa modu ezberdinetan kontatu ahal izango dute, baina oinarrizko printzipio batzuetan adostasuna egonik, indarkeria mota guztiak arbuiatzea edo giza eskubideak defendatzea", gaineratu dute.
Gainera, "aldaketarako prestutasuna dago", uste dute. Hala ere, "indarkeriak desagertzea bidezko bake iraunkor batentzako bermerik ez da", ohartarazi dute.
Zentzu horretan, Foro Sozial Iraunkorrak "pertsona preso, iheslari eta erbesteratuen egoera konpontzeko; biktima guztien aitortza eta erreparazioa bazterketak gaindituz; eta memoria kritiko barnerakoi bat eraikitzeko" lanean jarraituko duela adierazi dute.