Politika -

Euskara

Jaurlaritza: "Irungo Udaltzaingoan egindako lan-deialdi publikoa legezkoa izan zen"

Epaileek baliorik gabe utzi dute Udalak antolatutako oposaketa, euskaraz hitz egiteko gaitasuna ezinbesteko baldintza izatea "diskriminatzailea" dela ebatzita.  

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak azpimarratu du Irungo Udalak "legearen baitan" jardun zuela Udaltzaingoan egindako lan-deialdi publikoan plaza bat eskuratzeko euskara jakitea derrigorrezko baldintzatzat jarrita.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du Udalak 2017an onartu zuen udaltzainei zuzendutako 12 lanpostuko lan-deialdi publikoa, euskararen ezagutza exijitzea "diskriminatzailea" dela ebatzita.  

Bingen Zupiriak zuzentzen duen departamentuak ebazpena aztertu ostean agiri bat kaleratu du, Irungo Udalaren lanpostuei lotutako perfil linguistikoak eta datak kontuan hartuta, deialdi horrek "egungo legedia betetzen" duela azpimarratuta.

Administrazio publikoetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuaren baitan, udaltzainak euskaraz hitz egiteko gai izan behar direla gogora ekarri du, "herritarrekin harreman zuzena dutelako eta, beraz, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu behar dituztelako".  

Egungo legediaren arabera, udalerri batean euskaraz dakiten pertsonen kopurua hartzen da kontutan, erakundeetan euskaraz aritzeko gai izan behar diren pertsonak zenbat diren zehazteko.

Eustatek 2016an emandako datuen arabera, Irungo herritarren % 60,32 dira euskaldunak, "eta ehuneko horrek lotura estua du udaltzain lanpostua lortzeko euskara jakiteko betebeharrarekin", azaldu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

"Gaur egun, Irunen 88 udaltzain daude lantaldean eta 59 kasutan euskararen ezagutza egiaztatu behar da, hau da, %67an. 2020ko datuen arabera, Irungo Udaltzaingoko 34 lanpostutan euskara jakitea ez da baldintza lanpostua lortzeko", erantsi du. 

"Kontutan izanda udaltzainek herritarrekin dituzten harreman ia guztiak ahozkoak direla eta Iruneko biztanleekin ez ezik inguruko udalerrietakoekin ere jardun behar izaten dutela, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak egoki ikusten du Irungo Udalak epaiari errekurtsoa jartzeko hartu duen erabakia", berretsi du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Irun Albisteak Lan Eskaintzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak Eustat