Politika -
Memoria historikoa
Errepresio frankistak hildako bi pertsonaren gorpuzkiak entregatu dizkiete senideei
Agustin Joaquin Arroyo eta Tomas Salinas iruindarren senitartekoek haien gorpuzkiak jaso dituzte. Gorpuak 2019an topatu zituzten, Etxalatzen (Nafarroa) egindako desobiratzean.
EiTB Media | Agentziak
Errepresio frankistaren bi biktimaren senideek haien gorpuzkiak jaso dituzte ostiral honetan. Agustin Joaquin Arroyo eta Tomas Salinas iruindarren gorpuak 2019an topatu zituzten, Etxalatzen (Nafarroa) egindako desobiratzean.
Nasertic laborategiaren ikerketa genetikoari esker identifikatzea posible izan zen, Nafarroako Gobernuaren DNA banku publikoan bildutako laginei esker, hain zuzen ere.
Senitarteko ugarik, tartean Carmen Salinas Tomasen alabak, hartu dute parte ekitaldian. Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak hitza hartu du zeremonian, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Era berean, Martin Zabalza Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen idazkari nagusiak eta Josemi Gaston Nafarroako Memoria Institutuko zuzendariak hartu dute parte, baita talde politiko, memoria elkarte, Aranzadi Zientzia Elkartea eta Naserticeko ordezkariek ere.
“Agustin Joaquin eta Tomas zuon familietara itzuli dira, sekula atera behar ez zituzten tokira”, esan die Ollok biktimen senideei. Angeles Salinas, Tomasen beste alaba, eta Joaquin Arroyo, Agustin Joaquinen semea, gogora ekarri nahi izan ditu kontseilariak; izan ere, aurrena oraindik bizi da, baina ezin izan da ekitaldira hurbildu, eta bigarrena duela zenbait hilabete zendu zen.
“Memoria politika publikoenganako Gobernuaren konpromisoa”, berretsi du kontseilariak: “atsedenik gabe jarraituko dugu lanean”.
Agustin Joaquin Arroyo Iruñeko talde Sozialistako eta UGTko kidea 1936ko uztailaren 27an atxilotu eta Nafarroako hiriburuko espetxera bidali zuten.
Tomas, ezkertiarra, ere aurreko egunean kartzelaratu zuten, sega lanean ari zela Sabaitzan atxilotu ondoren. Iruñetik espresuki haren bila joan ziren. Espetxean zazpi hilabete eta erdi elkarrekin eman zituzten biek, beste preso asko atera eta hiltzen zituzten bitartean.
Azkenean, 1937ko martxoaren 9an, hiltzaileen esku utzi zituzten, beste hainbat presorekin batera, oraindik ezin izan dituztenak identifikatu. Zentzu horretan, Jose Maria Arroyo, Agustin Joaquinen anaia, oraindik aurkitu ez dutela azaldu du Foru Gobernuak, nahiz eta hilabete eskas geroago akabatu.
Familiek ez zuten haien berririk izan, Etxaurin edo Ororbian hil zituztenaren zurrumurruak, besterik ez.
Nasertic laborategiaren ikerketa genetikoak Etxalatzen zeudela jakitera eman du, inork espero ez zuen lekuan. Lan “zaila eta nekeza” izan da, baina Nafarroako Memoria Institutuak segida izatea espero du.