Politika -
Kataluniako inbestidura
ERCk, JxCatek eta CUPek gutxieneko itun bat egin dute negoziazioa berrabiarazteko
"Autodeterminazioaren aldeko Akordio Nazional handia" eta "gobernagarritasunetik harago estrategia independentistaz eztabaidatzeko eremu bat" sustatzea adostu dute.
agentziak | eitb media
ERCk, JxCatek eta CUPek gutxieneko akordio bat egin dute azken orduotan etenda zegoen negoziazioa berrabiarazteko, izan ere, hauteskunde errepikapenaren mehatxua hor dago Pere Aragonesek maiatzaren 26a baino lehenago inbestidura lortzen ez badu.
Parlamentuan egindako bi orduko bileraren ostean (negoziatzaileetako batzuk telematikoki sartu dira), hiru alderdiek adierazpen bateratu bat kaleratu dute "Autodeterminazioaren aldeko Akordio Nazional handia" eta "gobernagarritasunetik harago estrategia independentistaz eztabaidatzeko eremu bat" sustatuko dutela jakinarazteko.
Estrategia independentistaren inguruko eztabaida Gobernuaren osaketatik bereizteko nahia izan da akordioa galarazi duen puntuetako bat, izan ere, JxCatek bi gauzak lotzea eskatzen baitzion orain arte ERCri.
Adierazpena anbiguoa da puntu horretan, baina argi adierazten du independentismoaren estrategia bateratua ez dela gobernurako negoziazioarekin nahasi behar.
Harremanak oso ukituta geratu ziren aurreko larunbatean, Pere Aragones ERCren hautagaiak iragarri baitzuen ez zuela koalizio gobernua negoziatzen jarraituko JxCatekin, negoziazioa atzeratzea leporatuta, eta aurrerantzean bakarrik gobernatzea bilatuko zuela.
Lau "gutxieneko puntu"
"Autodeterminazioaren aldeko Akordio Nazioanalerako Konpromisoa" izeneko adierazpenean azpimarratu dutenez, otsailaren 14ko emaitzek "askatasun nazionalerako ziklo berria irekitzeko aukera ematen diote independentismoari".
Negoziatzaileek lau "gutxieneko puntu" adostu dituzte CUPek mahai gainean jarritako proposamenean oinarrituta.
Lehenengo puntuan "krisi sozial eta ekonomikoari erantzutea" hitzeman dute; eta bigarrenean, "Estatuaren markoan sartzen ez diren eta gizarte kataluniarraren babes zabala duten oinarrizko eskubideak defendatzeko hesi bat eraikitzea".
Hirugarrenik, erreferendumaren aldeko "gehiengo soziala barne hartzen duen eta alderdi politikoetatik harago doan Autodeterminazioaren aldeko Akordio Nazional handia" prestatzeko lantaldearen batzarra deitzeko konpromisoa hartu dute.
Azkenik, "estrategia independentistaren eztabaidarako gobernagarritasunaren markotik ateratzen den eremu bat" sortzea adostu dute.
Azken puntu horrek CUPen zirriborroko laugarren puntua aldatzen du, eta anbiguetatea ematen dio.
Alderdi horietako iturriak aipatuta Efe albiste-agentziak jakinarazi duenez, bilera ona izan da aurrera egiteko, baina goizegi da jakiteko ERCk eta JxCatek ituna egingo duten inbestidura saioari begira.