Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkoreka: "Eskura genituen tresna juridiko guztiak baliatu ditugu"
Orain Gorenera jotzea baztertu badute ere, lehen lehendakariordeak esan du dekretua hiru aste barru aztertuko dutela berriro, eta egoeraren arabera, neurriak alda daitezkeela.
EITB MEDIA
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko "eskura" dituen "tresna juridiko guztiak" baliatu ditu, behin alarma egoera amaituta. Horren hitzetan, "erkidego batzuek guri egiten utzi ez digutena egin ahal izan dute".
Hori horrela, Euskadin kutsatzeek gora ez egitea "herritarren elkartasun eta erantzukizunaren menpe" egongo dela ohartarazi du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean.
Erkorekak gogorarazi duenez, "gero eta kontaktu gehiago, gero eta kutsatze, ospitaleratze, gaixo kritiko eta heriotza gehiago. Hori horrela da, eta jendeak jakin beharko luke dagoeneko".
EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetutako neurrien kontra Gorenean helegitea aurkezteko aukeraz galdetuta, lehen lehendakariordeak azpimarratu du herritarrek "ziurtasuna, segurtasuna eta argitasun" behar dutela, eta hala, auzitegi horretara jotzea, ezezkoa jaso eta egun gutxira, ez da "serioa ezta zorrotza ere".
Nolanahi ere, zehaztu du lehendakariaren dekretua "hiru aste barru" berrikusiko dutela, eta ez du baztertu neurriak aldatzea, bilakaera epidemiologikoak hala eskatzen badu.
Kale edanaren kontrola
Kale zurrutari buruz, Erkorekak aitortu du "panorama zaila" kudeatu beharko dutela, "arauak betearaztea errazago delako kalean egotea debekatuta dagoenean, substantzia jakin batzuk hartzea bakarrik debekatuta dagoenetan baino".
Transferentziak
Gernikako Estatutuak Euskadiri aitortutako eskuduntzen harira, Erkorekak espero du legegintzaldi honetan "Estatutua osorik" beteta egotea.
Espainiako Gobernuak erakutsitako "borondatea" goraipatu du: "Orain arte inork erakutsitako handiena da, epe zehatzak dituen kronograma bat dugu, baina ikusi beharko nola betetzen den".
Azkenik, Desokupa enpresak Bilbon gaur egin asmo duen etxe husteari buruz, Erkorekak esan du dagoen bakarra "sare sozialetako sugetzarra" dela.