Politika -

Alarma-egoeraren amaiera

Sanchezek esan du ez duela erreforma legalik egingo alarma-egoeraren amaiera dela eta

Espainiako Gobernuko presidenteak berretsi egin du erkidegoek tresna nahikoa dutela testuinguru juridiko berrian pandemiari aurre egiteko.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuako presidentea. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuako presidentea.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuako presidentea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezek adierazi du Espainiako Gobernuak ez duela erreforma legalik egingo alarma-egoera bertan behera geratu delako, eta berretsi egin du autonomia erkidegoek "tresna nahikoa" dutela testuinguru juridiko berrian koronabirusaren pandemiari aurre egiteko.

Juan Carlos Campo Justizia ministroak esan du Gobernua prest egongo litzatekeela aldaketa legalen bat abiarazteko, Auzitegi Gorenak oinarrizko eskubideen murrizketen harira ebazpen bat eman eta gero. Alabaina, Sanchezek halakorik gertatuko ez dela ziurtatu du ordu batzuk geroago.

"Espainiako Gobernuak oso argi dauka une honetan erkidego autonomo guztiek tresna nahikoa dutela pandemiari testuinguru honetan aurre egiteko", azpimarratu du.

"Alarma-egoera indarrean izan den sei hilabeteetan, erabaki zailak hartu ditugu guztion artean, eta babes juridikoa eman zaie", erantsi du.

Horrez gain, txertaketa kanpaina nabarmendu nahi izan du eta 100 egunetan pertsona helduen % 70 immunizatuta egongo direla agindu du. Halaber, astelehena bukatu orduko sei milioi herritarrek txertoaren bi dosiak jarrita izango dituztela esan du. "Une itxaropentsu batean gaude, talde immunitatea lortzeari dagokionez", gaineratu du.

"Hori da denok, autonomia erkidegoek eta Espainiako Gobernuak, izan behar dugun helburua; eta Gobernua beti egongo da erkidegoen ondoan krisi honi erantzun bateratua emateko", adierazi  du.

Igande goizaldean, alarma-egoera indargabetuta, hainbat herri eta hiritan izan diren jende-pilaketen harira, Sanchezek esan du ezinbestekoa dela "guardian jarraitzea, txertaketa ondo doan arren". "Birusa gure artean dabil eta segurtasun neurri guztiak bete behar ditugu", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa