Politika -
Gernikako Estatutua
Sinatu dute EAEko kartzelen transferentzia
Dena den, Jaurlaritzak urriaren 1ean bereganatuko du kudeaketa. Iceta "pozik" agertu da esku aldaketa "legea betetzea" delako. Garamendik gogorarazi du, bestalde, ez dela "bidearen amaiera".
E. G. | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatu dute EAEko hiru espetxeen kudeaketa (Martutene, Basauri eta Zaballa) Eusko Jaurlaritzaren esku utziko duen akordioa. Transferentzien Batzorde Mistoa Bilbon bildu da goizean ituna ixteko. Izenpetzea gaur egin badute ere, transferentzia ez da urriaren 1era arte egikarituko.
Espetxeen kudeaketa ez ezik, beste hiru eskumenen eskualdatzea ere izenpetu dute; txikiagoak dira (errepide bidezko garraioa, Identifikazio Bibliografikoko Nazioarteko Kodea eta Ondarroako Itsas Barrutia).
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak izan dira bileran. Jaurlaritzaren izenean, Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua edo Pedro Azpiazu Ogasun sailburua izan dira bileran, besteak beste. Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa izan da Sanchezen Gobernuko ordezkaritzaren buru.
Duela 41 urte Gernikako Estatutuan aurreikusitako transferentziak dira gaur sinatutakoak.
Gaurtik urriaren 1era arte aldi iragankor bat irekiko da, kudeaketa egokitzeko. Besteak beste, espetxeei ematen zaizkien zerbitzuen kontratuen subrogazioa bideratzeko balioko du epe horrek.
Icetaren, Garamendiren eta Erkorekaren adierazpenak
Bileraren ondotik agerraldi bateratua egin dute Icetak, Garamendik eta Erkorekak. Hirurek gaurko itunak duen garrantzia azpimarratu dute.
Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa "pozik" agertu da eskualdatzea "legea, Konstituzioa eta Gernikako Estatutua betetzea" delako, eta azpimarratu du Espainiako Gobernua "autonomien estatuan aurrera egitearen" aldekoa dela. "Bide horretan jarraituko dugu, autonomien estatua garatzen, Espainiako Estatua anitza eta askotarikoa delako, eta hortaz, errealitate ezberdinak aintzat hartu behar ditugulako".
Icetaren hitzetan, "batasunean indartsua den eta bere aniztasunarekin harro dagoen Espainia bat" defendatzen dute.
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua ere pozarren azaldu da "hilabeteetako negoziazio luzearen ondoren akordio ofizial" bihurtu dutenagatik, baina ohartarazi du, "zoritxarrez", ez dela "bidearen amaiera" izango, oraindik eskualdatu gabe dauden transferentziak badaudelako. "Bide luzea dugu egiteke, eta falta zaizkigun eskumenak ekartzeko lanean jarraituko dugu. Hori da gure bide orria", gaineratu du.
Ildo beretik, esan du Jaurlaritzak "kontziliazioaren eta aldebikotasunaren" aldeko hautua egiten duela, eta ez duela amore emango Gernikako Estatutuak aitortutako gainerako eskumenak "etxetik" kudeatu arte.
Erreakzioak
EAEKo hiru espetxeen eskumena Eusko Jaurlaritzak hartuko duela eta, Arnaldo Otegi EH Bilduren buruzagiak esan du "albiste ona" dela, Estatutuan jasoa zegoelako, baina azkenean "urte luzez" aldarrikatu ostean "iritsi" dela, ondorioz, "herri honek lortutako" transferentzia bat dela.
Bestalde, PP+Cs-ek eskatu du transferentzia "ez dadila izan ETAko presoen neurri egindako traje bat"; horregatik, galdera egingo dio Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburuari ostiralean Eusko Legebiltzarrean, "espetxe eredu berri bat defendatzen duenean zertaz ari den" argi dezan.
LABek ere "espetxe politika berria" eskatu du, eta presoak "etxerako bidean" jartzea.
Bego Atxa Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformaren bozeramaileak Euskadi Irratian azaldu duenez, eskumenak graduetan aurrera egiteko aukera emango du.
Foro Sozialak, gainera, "beharrezko pauso"tzat eman du transferentzia, ETAko presoekiko espetxe politika aldatzeko balio dezakeelako, "gizarteratze plan bat" behar baitute.
Azkenik, Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak ohartarazi du "zuhur" zainduko duela Eusko Jaurlaritzak eskumena nola kudeatzen duen, "ETAko presoekin legea betetzen dela eta zigorra euskal espetxeetan betetzen dutela" egiaztatzeko.