Politika -
Biltzarra Kursaalean
Muriel Larrea, Gipuzkoako PPren presidente berria
Gipuzkoako PPk bizi zuen behin-behinekotasun egoerari amaiera eman dio Larrearen izendapenak. Borja Semperrek alde egin zuenetik, Jose Luis Arruek zuzendu du alderdia lurraldean.
EiTB Media | Agentziak
Muriel Larrea PP+Cs koalizioko legebiltzarkideak Gipuzkoako PP zuzenduko du aurrerantzean, "toki esanguratsu batean proiektu politikoa hondotik ateratzeko eta batzeko" helburuarekin. Alderdiko presidente izendatu dute lurralde historikoan.
Larrea 1982ko ekainaren 9an jaio zen, Irunen. Kongresuan % 93,83ko babesa lortu du Gipuzkoako PPren presidente berriak. Biltzarra Donostiako Kursaalean egin dute.
Gipuzkoako PPk bizi zuen behin-behinekotasun egoerari amaiera eman dio Larrearen izendapenak. Borja Semperrek alde egin zuenetik, Jose Luis Arruek zuzendu du alderdia lurraldean.
Irundarra eleaniztuna, ezkondua eta lau seme-alabaren ama da. Buruzagi karismatikoa ordezkatzeko eta Gregorio Ordoñez edo Maria San Gil bezalako erreferente handien lekukoa hartzeko erantzukizuna du Larreak.
Larrea "hurbila eta bakegilea" dela diote. Zuzendaritza batzorde berrian "integrazioa bultzatu" nahi izan du, Mikel Lezama eta Jorge Mota zinegotziak kargu nagusietan jarriz.
Sei ordezkari erakundeetan
Hauteskunde ezberdinetan babesa galdu Gipuzkoako PPk, eta lurraldeko erakundeetan soilik sei ordezkari ditu egun: legebiltzarkidea (Larrea bera), batzarkide bat eta lau zinegotzi, horietako hiru Donostian eta bakarra Irunen.
Hain zuzen ere, Irunen eman zion hasiera bere ibilbide politikoari Murielek; izan ere, 2011tik 2020ra zinegotzia izan zen eta azken bost urteetan talde politikoko bozeramaile gisa aritu zen.
2009tik 2012ra Gipuzkoa Belaunaldi Berrien idazkari nagusia izan zen, eta 2011tik 2017ra Espainiako Belaunaldi Berrien idazkariordea.
Euskadiko PPren Ingurumen Politikako idazkariordea da egun PP+Cs koalizioko legebiltzarkidea, eta, gaurtik aurrera, Gipuzkoako PPren presidentea.
Sistema Informatikoen Administrazioan teknikaria da, Frantzian Filologia Germanikoa ikasi zuen, eta frantsesa, alemanera eta ingelesa hitz egiten ditu. Politika "bokazioz" bizi du, txikitan bere aitak hauteskunde kanpainako hasiera ekitaldi batera eraman zuenetik.
Zaletasun nagusiak dantza eta musika ditu, baina brikolajea, lorezaintza eta txakurrarekin menditik paseoak ematea ere gustuko ditu, eta, batez ere, bere lau seme-alabekin jolastu eta disfrutatzea.