Politika -

POLIZIA OPERAZIOA ARROTXAPEAN

Arrotxapeako atxilotuen ingurukoek manifestazioa deitu dute larunbaterako

Joan den asteko polizia operazioa eta hamar atxilotuei oinarrizko eskubideak ukatu izana salatu dute haien senide eta lagunek. Protesta 18:30ean hasiko da Plaza Gorritik.

Elkarretaratzea Arrotxapean, pasa den apirilaren 29an. @ErrotxaGTX
Elkarretaratzea Arrotxapean, pasa den apirilaren 29an.
Elkarretaratzea Arrotxapean, pasa den apirilaren 29an. @ErrotxaGTX

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela astebete Iruñeko Arrotxapea auzoan atxilotutako gazteen senide eta lagunek agerraldia egin dute gaur eguerdian, gertaerak salatu eta larunbatean, maiatzak 8, auzoan bertan egingo den manifestazioAn parte hartzera deituz. 'Erasoen aurrean, klase elkartasuna! lelopean, 18:30ean abiatuko da martxa Plaza Gorritik.

Prentsaurrean salatu dute lehengo asteko polizia operazioa "neurriz kanpokoa" izan zela, eta "ikara sortzeko" helburua zuela. Baina, operazioa ez ezik, hori burutzeko modua ere gogor salatu dituzte. Izan ere, adierazi dutenez, oinarrizko eskubideak urratu zitzaizkien atxilotuei: etxeak miatu zituzten "bertan inor egoteko aukerarik eman gabe", ez zieten senide eta lagunei atxilotuekin hitz egiten utzi, ez eta konfiantzazko abokatu baten laguntza bideratzen ere. Gainera, kalabozoetan ere "hotzez eta gutxieneko osasun eta higiene baldintzarik gabe" eduki zituztela salatu dute. 

Adierazi dute, "modus operandi horretara ohituta egoteak" eta halako operazioak "ezagun izateak" ez diola gertatutakoari "larritasuna kentzen" eta, kasu honetan, "zentzugabekeria auzoko lagun talde bat talde kriminal bihurtzerainokoa" izan dela nabarmendu dute, "manipulazio maltzurra medio".

Era berean, azpimarratu dute, pertsona konkretuen kontra joan badira ere, "guztien aurkako erasoa" dela eta, azkenaldian "salbuespena arau" bihurtu dela, gazteen kriminalizazio ekintzak eta "indar polizialen boterea eta inpunitatea" areagotzearekin.

'Kale-borroka' egozten diete

Espainiako Poliziak atzo jakinarazi zuenez, joan den astean atxilotutakoei Gazte Koordinatzaile Sozialista-GKSen inguruko 'kale borroka' talde bateko kideak izatea egotzi diete.

Duela ia urtebete hasi zen ikerketaren helburua 'kale borroka' talde kriminal bat osatuko luketen hainbat gazteren ustezko delitu-jarduera zehaztea izan da. Poliziaren arabera, denbora luzez aritu dira indarkeriazko ekintzak egiten, modu antolatu eta koordinatu batean.

Lortutako informazioaren, datuen eta ebidentzien azterketari esker, sabotaje eta istilu batzuen ustezko sustatzaileak identifikatu ahal izan ditu Poliziak besteak beste, zeinetan bost banku-sukurtsal eta bi saltoki eraso baitziren, bai eta edukiontziak gurutzatu eta erre eta Poliziari harriekin eta beste objektu sendo batzuekin eraso egin ere, "hori guztia modu antolatuan eta hiri-gerrillen pareko plangintza perfektuarekin", gaineratu du Espainiako Poliziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Eguneko albisteak Albisteak