Politika -
Espetxeen eskumena
Artolazabal: "ETAko presoek eta gainerakoek tratu berdina jasoko dute"
Kartzelen kudeaketa Jaurlaritzaren esku gelditzearen "arriskuaz" ohartarazi du Voxek. "Errealitatea nahastu eta irauli" nahi izatea leporatu dio sailburuak ultraeskuineko alderdiari.
EiTB Media | Agentziak
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi duenez, Euskadiko kartzeletan dauden ETAko presoek eta gainerakoek tratu bera jasoko dute espetxeen eskumena gauzatzen denean, bestela prebarikazio delitua izango litzateke.
Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkide bakarrak galdera egin du Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan. Kartzelen kudeaketa Iñigo Urkulluren Gobernuaren esku gelditzearen “arriskuaz” ohartarazi du Martinezek, “Ertzaintzaren zuzendaritza politikoak” ETAko presoei mesede-tratua eman diezaiokeelako.
“Errealitatea nahastu eta irauli” nahi izatea leporatu dio sailburuak ultraeskuineko alderdiari. Artolazabalen ahotan, Vox transferentziaren inguruko zalantza “arduragabeak, larriak eta izugarriak” zabaltzen ari da.
Espetxe araudia “pertsona preso guztiei” aplikatzen zaiela errepikatu du Artolazabalek, baita terrorismo delituengatik zigortutakoei ere. Administrazioaren ekinbidea legeak ezarritako mugen barruan garatu behar dela azpimarratu du sailburuak.
Espetxe politikaren lehentasun nagusia presoak birgizarteratzea dela gogorarazi du Jaurlaritzako ordezkariak, eta pertsona guztien tratamenduak berdina izan behar du.
“Eskubide horiek errespetatzea ez da biktimentzako irain bezala ulertu behar”, nabarmendu du sailburuak.
Bestalde, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak azaldu duenez, ETAko presoak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara lekualdatzeko erabakien aurrean ez da “erreparorik” egon behar, “pertsona Kantabrian, eta ez Almerian, egoteak birgizarteratzeko laguntzen baldin badu”.
Itxasok 'Forum Europa. Tribuna Euskadi' hartu du parte ostiral honetan. Zentzu horretan, preso bakoitzaren kasua “banan-banan” aztertzen dela gogorarazi du.
“Eragindako atsekabea onartu eta birgaitze zein birgizarteratzeko trantsizio pertsonala egiten duten heinean, onura edo lekualdaketak izango dira, baina Espetxe Zuzendaritzak erabakiko du ostegunetan, Kartzelako Zigor Batzordeen txostenak oinarri hartuta”, zehaztu duenez.