Politika -
Alarma egoeraren amaiera
Urkulluk "eginahalak" egingo ditu "azken unera arte" alarma egoera mantentzeko
Oposizioko taldeek maiatzaren 9tik aurrera pandemiari aurre egiteko neurriak eskatu dizkiote lehendakaria.
E. G. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "ahalegin guztiak" egingo dituela "azken unera arte" Espainiako Estatu osoan alarma egoerari eusteko maiatzaren 9az harago ere.
Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera uztearen biharamunean izango den egoeraz galdetu dio Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren kontrolerako saioan. "Madrilera eskutitzak bidaltzeaz eta eskatzeaz, erregutzeaz gain, zein neurri hartuko ditu Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko?", itaundu dio bozeramaile abertzaleak. Halaber, erabakiak "ahalik eta eraginkorrenak" izateko "aliantza politiko eta sozial" baten beharra azpimarratu du Iriartek.
Bere erantzunean, Urkulluk azpimarratu du "ahalegin guztiak" egingo dituela Sanchezek iragarritako erabakian atzera egin dezan, eta "besterik ezean" (pandemiari aurre egiteko neurriak hartzeko berme juridikoak emango lituzkeen beste alternatiba bat) alarma egoerari eusten saiatuko dela epe "adierazgarri batean".
Elkarrekin Podemos-IU taldearen izenean, Miren Gorrotxategik salatu du "laugarren olatuan" gauden honetan Jaurlaritzak ez duela Osakidetzaren langileria "indartu eta handitu". "Urtebete pasatu da, noiz egingo da", galdetu du. Era berean, lehen olatuko "akats berak" egiten ari direla esan du.
Bestalde, Carlos Iturgaiz PP+Cs taldeko bozeramaileak kritikatu du EAEk Espainiako Estatuko "datu txarrenak" dituela, eta alarma egoera luzatzearen eskaeren aurrean, Pedro Sanchezen "mespretxua" salatu du. Iturgaizen aburuz, baina, "erantzunik ezak badu konponbidea, PPk aurkeztu duen plan juridikoa. Beste aukera bat duzu lehendakari, neurriak hartzeko bermeak ematen dituelako eta konponbideak aurkituko ditugulako plan horrekin".
Alarma egoerari buruz Jaurlaritza osatzen duten bi alderdien artean omen dauden "desadostasunen" inguruan, lehendakariak erantzun du EAJ eta PSE-EE "funtsezkoenean" daudela ados: alarma egoera luzatu behar den ideia horretan.