Politika -

Polizia operazioa Iruñean

Arrotxapean atxilotutakoei ETAren "zatiketa bat" osatzea egotzi die Poliziak

Epailea goizean hasi da gazteak galdekatzen, eta defentsa abokatuetako batek familiei esan dienez, "talde kriminal" bat osatzea leporatu diete.

Bigarren egunez, bilkura egin zuten atzo Arrotxapea auzoan atxiloketak salatzeko. @ErrotxaGTX
Arrotxapeako Plaza Gorriko elkarretaratzea.
Bigarren egunez, bilkura egin zuten atzo Arrotxapea auzoan atxiloketak salatzeko. @ErrotxaGTX

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 5. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epailea gaur goizean hasi da Espainiako Poliziak Iruñeko Arrotxapea auzoan herenegun atxilotutako 10 gazteak galdekatzen. Atxilotutako gazteen abokatuetako batek senitartekoei aurreratu dienez, ETAren "zatiketa bat" osatzea egotzi diete gutxienez bi gazteri, Berria egunkariaren arabera.

Polizia etxean asteartetik dauden gazteei telematikoki ari zaie deklarazioa hartzen. Horrez gain, beste bi gazte galdekatu ditu epaileak. Hala, guztira 12 dira auzian nahasitako pertsonak.

Iturrion arabera, Espainiako Poliziaren txosten bat du oinarri ikerketak. Orain arte sekretupean izan den sumarioa eskuratu dute defentsako abokatuek, baina nonbait ez dute osorik irakurtzeko astirik izan. Dena dela, aurreratu dute gazteei "talde kriminal" bat osatzea egotzi dietela, ETAren "zatiketa" gisa. 

Atxilotuta eman dituzten 48 orduetan jasotako tratua salatu dute familiek. Horien arabera, horietako batzuek ez dute euren konfiantzazko abokatuarekin egoteko aukerarik izan, eta ez omen diete arropa edo musukoa aldatzeko aukera eman.

Atxiloaldiak iraun duen bi egunetan elkarretaratzeak egin dituzte Arrotxapea auzoko Plaza Gorrian. Atzo bertan, ehunka lagunek 10 gazteak aske uzteko eskatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iruñeko bideoak Nafarroa gaur Gaurko titularrak Albisteak Manifestazioak