Politika -
KATALUNIA
ERCk eta JxCatek etorkizuneko gobernuaren egituraz hitz egin dute, lehen aldiz
Bi alderdietako negoziazio taldeek bilera egin dute Lledonerseko espetxean. Batzarraren balorazio positiboa egin dute.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Katalunian gobernua osatzeko negoziatzen jarraitzen dute. Atzo, ERC eta JxCat alderdietako negoziazio taldeek bilera egin zuten Lledonerseko espetxean. Ez dute akordiorik lortu, baina etorkizuneko gobernuaren egituraz hitz egin dute lehen aldiz. Zehazki, "Pere Aragones buru duen gobernu independentista bat osatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa" hartu dute, "botoen % 52ren mandatuari erantzuteko".
Komunikatu bateratu batean bi alderdiek azpimarratu dutenez, Kataluniako gobernu berriaren egituraz hitz egin dute lehen aldiz. Horrez gain, "oraindik ixteko dauden beste gai batzuk ere errepasatu" omen dituzte.
Batzarrak hiru ordu eta erdi inguru iraun du. ERCren aldetik, Pere Aragones, Oriol Junqueras eta Josep Maria Jove joan dira, eta JxCatetik, ostera, Jordi Sanchez, Elsa Artadi eta Josep Rius. Oriol Junqueras eta Jordi Sanchez Lledonersen daude preso.
"Gobernu independentista berri baten alde" egiten ari diren negoziazioaren harian kokatu dute bilera, baina Pere Aragones ERCko presidentegaiarentzat lehena izan da.
Oriol Junquerasek ere lehen aldiz hartu du parte bertan, ez baita ERCren negoziazio taldeko kide. Jordi Sanchezek, ostera, modu telematikoan parte hartu izan du aurreko bileretan.
Batera zein bestera, gobernua osatzeko denbora agortzen ari zaie; izan ere, maiatzaren 26an gobernurik ez badago, hauteskundeak errepikatu beharko dituzte Katalunian.