Politika -
Espainia
Correoseko segurtasun enpresak ez zituen mehatxu gutunetako balak antzeman
Gutunek kontrol erradiologikoa pasa zuten apirilaren 19an, 17:48an, Vallecaseko (Madril) Zentro Automatizatuan. Correosek INV Vigilancia enpresari espedientea zabaldu dio.
EiTB Media | Agentziak
Correoseko segurtasun enpresak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiari eta Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendari nagusiari bidalitako mehatxu gutunetako balak ez zituen antzeman.
Correosek INV Vigilancia enpresari espedientea zabaldu dio, "ohartarazpen larriena". Era berean, kontrol erradiologikoko arduraduna "berehala zerbitzutik" kentzeko eskatu du, gutunak bertatik pasa zirelako.
Marlaska, Iglesias eta Gamezek mehatxu gutunak, eta horien barruan bala kartutxoak, jaso izana salatu zuten apirilaren 21ean.
Paketeak apirilaren 19an, 17:48an, "ikuskatu" zituzten, eta "zigilu-markak jarri" zizkieten Vallecaseko (Madril) Zentro Automatizatuan, baina "zerbitzuko langilea ez zen balak antzemateko gai izan".
Correoseko langileen profesionaltasuna defendatu du CSIF sindikatuak, baina "hanka-sartzeren" bat egon ote den egiaztatzeko azkenera arte heltzea eskatu du.
CSIFen ahotan, "ez da halakorik sekula gertatu". Bidalketa guztiek kontrol zorrotzak pasa behar dituzte, eta Correos 25 milioi etxebizitzara eta hiru milioi enpresa eta erakundetara heltzen da egunero, sindikatuak gogorarazi duenez.
Hala ere, "sindikatuak ez du oraingoan gertatutakoa ulertzen, eta Correosi protokoloaren azterketan azkenera arte heltzeko eskatu dio, herritarren segurtasuna arriskuan jarri duen hutsegiterik izan ote den egiaztatzeko", erantsi du.
Bestalde, Alternativa Sindical segurtasun pribatuko sindikatu profesionalak zalantzan jarri du segurtasun zaindariaren "hanka-sartze" bat izatea.
"Eskaner automatiko sistemen kalitate edo funtzionamendu egokia ez, eta zaindariaren hutsegite bat izan dela ebaztera eraman duten arrazoiak ikertzeko eskatu die zaindariari errua bota dion segurtasun arduradunari eta Correosi, segurtasun profesionalen izen ona zalantzan jarri baino lehen", kritikatu du sindikatuak.
Azkenik, segurtasun pribatuaren kontratazio publiko ereduaren inguruan gogoeta egiteko eskatu dio UGTk Espainiako Gobernuari, "prezioan oinarritzen delako, ez zerbitzuaren kalitatean".