Politika -
Herri mugimenduak
'Nafarroa berriz altxa'k lurraldearen "askatasuna eta burujabetza" eskatu du
Politikan eta gizarte ekimenetan parte hartu izan duten hainbat pertsonak eta ekintzailek osatu dute herri mugimendua.
EITB Media | Agentziak
Gizarte mugimenduetako eta politikaren esparruko hainbat ekintzailek “Nafarroa berriz altxa” ekimena jarri dute martxan, nafarren “askatasuna eta burujabetza” aldarrikatzeko.
Plataforma feministek, sindikalistek, euskaltzaleek, pentsiodunek, intsumisoek, ikasleek, ekologistek, “hainbat esparrutako presoek” eta politikaren alorreko aktibistek osatzen dute, ohar batean argitaratu dutenez.
Taldeko kideek azaldu dutenez, ekainean 500 urte beteko dira Noaingo gudutik eta borroka horrek ekarri zuen “Erreinuaren independentziaren aldeko altxamendutik”. Hortaz, “data hura gogora ekarrita, Nafarroaren askatasuna eta burujabetza” aldarrikatu nahi dute.
“Geure bizietan eragina duen guztiaren inguruan erabakitzeko ahalmena izan nahi dugu: hezkuntzari buruz, osasunari buruz, lan harremanei buruz, euskaraz, pentsioez, zerga sistemaz, etxebizitzaz eta, noski, Nafarroaren estatus juridikoaz eta Pirinioen alde bietako lurraldeekin izan nahi dugun harremanaz ere”, berretsi du herri mugimenduak.
Beste alde batetik, gaineratu dute covid-19aren pandemiak argi utzi duela "erabakitzeko gaitasunik ez dugula. Madrilen agintearen menpe bizi gara”.