Politika -
TREBIÑU
Trebiñun zerbitzuak bermatzeko lankidetza-hitzarmena berritu dute Arabak eta Burgosek
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak esan duenez, "trebiñarrentzat baliagarria eta positiboa" da hitzarmena, euren "bizi-kalitatea handiagoa" izan dadin.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Arabako eta Burgosko aldundiek Trebiñuko herritarrei zerbitzuak eskaintzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Gasteizko Probintzia jauregian egin den ekitaldian. Lau urterako iraupena du gaur izenpetutakoak, eta 14 alorretako zerbitzuak daude bertan jasota.
Hain zuzen, 2017ko akordioa berritu dute gaur bi aldeetako agintariek, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Cesar Rico Burgosko Diputazioko presidenteak. Administratiboki Burgosen menpe dagoen konderria bada ere, Araban dago kokatuta Trebiñu, eta lurralde horretako zerbitzuak jasotzen dituzte bertako herritarrek.
"Trebiñurekiko funtsezko ezberdintasunak izan ditugu bi erakundeek, eta izaten jarraitzen ditugu, baina ados gaude administrazio publikoen lankidetzarekin; izan ere, herritarren bizi-kalitatea hobetzea da beti politikaren helburu behinena. Lau urte geroago, berriro bildu gara konpromiso hura berritzeko, baliagarria eta positiboa dela frogatu delako, bizilagunen bizitza hobetzen lagundu duen heinean, eta bai bizilagun horiek bai enklabeko bi udalek zentzu horretan ulertu dutelako berrikuntza horrekiko babesa", esan du Gonzalezek.
Elkarrekin landu eta eskainiko dituzten zerbitzuen artean, ondokoak daude: adinekoak, desgaituak eta mendekoak integratzea eta haiei gizarte-arreta ematea; protokoloak eta koordinazioa genero-indarkeriaren aurkako borrokan; berdintasunaren arloko politika publikoak; gazteriaren arloko politika publikoak; babes zibila eta larrialdiei aurre egitea; komunikazioa eta garraio-azpiegiturak; neguko bidezaintza-planak, edota ondareguneak zaintzeko eta euskara sustatzeko proiektuak.
Hitzarmen honek aldi baterako izaerari eusten dio, baina bi urteko iraupena izatetik lau urteko iraupena izatera igaro da. Gainera, beste lau aldiz luzatu ahal izango da, eta egoera konpontzeko helburuari eusten dio:"Enklabearen egoera modu iraunkorrean konponduko duen ordenamendu juridikoaren araberako behin betiko konponbidea lortzea".