Politika -
KORONABIRUSA
Iriarte: "EAEko pandemiaren aurkako legea, fikziozko legea da"
EH Bilduren legebiltzarkideak uste du murriztailea dela, fikzio batean oinarrituta dagoena, eta jendea babestu beharrean murrizketak baino ekartzen ez dituena.
EITB MEDIA
Maialen Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak astearte honetan esan duenez, pandemiaren aurkako euskal legea, fikziozko legea da, Madrilen onartu behar den alarma egoeraren baitan dagoelako.
Iriarte ETB1eko Egun On Euskadi telebista saioan izan da gaur goizean, eta Jaurlaritzak pandemia abiatu zenetik inprobisazioa erakutsi duela azpimarratu du. Pandemiaren aurkako legea murriztailea da legebiltzarkidearen ustez, fikzio batean oinarrituta dagoena, eta jendea babestu beharrean murrizketak baino ekartzen ez dituena. "Legeari ekarpenak egitea da gure asmoa, herritarrak babestea lehentasuna izan dadin", gaineratu du.
Datorren maiatzaren 9an alarma egoerarekin zer gertatuko den ez jakin arren, "paradoxikoki bada ere, alarma egoera eskatu beharrean gara, tresna burujaberik ez dugulako herritarrak babesteko. Hori larria iruditzen zait", esan du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Iriarteren hitzetan, Euskal Herria estatu bat balitz, ez litzateke Espainiaren menpe egongo txertoak jasotzerako orduan eta "murrizketak ezartzeko ere ez ginen Madrilen zain egongo. Pandemiak erakutsi digu hurbiletik hobeto erantzuten dela eta herritarrak hobeto babesten direla”, esan du.
Txertaketa
Txertaketa ere izan du hizpide Iriartek, eta webgunean izandako gorabeherak alde batera utzita, Osakidetzak txertaketan martxa ona hartu duela uste du. Arazo tekniko horiek gaindituko direla uste du, eta txertoa jartzeko deia egin die herritarrei.
Astrazenecaren txertoari buruz esan du "onurak askoz ere handiagoak direla sortzen dituzten kalteak baino", eta komunitate zientifikoari kasu egin eta horiek ematen dituzten gomendioak jarraitu behar direla. "Komunitate zientifikoari kasu egin behar zaio, eta ebidentzia zientifiko horiek herritarrei ondo azaldu behar zaizkie”, esan du.
Mutua bidez txertoa emateko aukeraz bozeramaileak azpimarratu duenez, "mundu guztiarentzako osasun publikoa eta unibertsala" lehenetsi beharko litzateke, bestela, "pribilegioak ekar ditzaketen bide oso arriskutsuetan sartuko ginateke".