Politika -
ELKARRIZKETA
Garrido: "Alarma egoera bertan behera utz daitekeela esatea fantasia hutsa da"
Bestalde, Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak pandemiari aurre egiteko euskal legea martxan jartzeko prozesua "azkartzeko" eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.
EITB MEDIA
Radio Euskadiko Cronica de Fin de Semana saioan egindako elkarrizketan, Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak esan du covid-19aren egungo datuekin, gaur gaurkoz, "fantasia hutsa" dela alarma egoera bertan behera utz daitekeela pentsatzea. Bere hitzetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak maiatzaren 9an alarma egoera baliogabetuko dutela esanez egindako iragarpena "fatasiosoa eta arriskutsua" da. "Ziurgabetasun egoera" batean murgiltzeak are gehiago okertu dezakeela egoera gaineratu du.
Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariaren jarduna ere zorrotz kritikatu du, eta, besteak beste, pandemiaren aurkako euskal legea aurrera ateratzeko neurriak "azkartzea" eskatu dio. "Urtebete da pandemia hasi zela. Bagenekien eskuartean dugun legedia ez zela nahikoa izango halako salbuespenezko egoera bati erantzuteko. Azkartu dezala prozesua, eta gainerako alderdi politikoak kontuan har ditzala, segurtasun juridikoa ezinbestekoa delako", esan dio lehendakariari. Eusko Jaurlaritzak "neurri argiak" hartzea beharrezkotzat jo du, batez ere, egoera larrienean dauden sektoreei laguntzekeo.
Espainiako Gobernuan PSOE eta Podemos alderdiek duten akordioaz ere aritu da Garrido. Horren arabera, akordioa "oso zehatza" da, baina "badirudi, PSOEk zailtasunak dituela betetzeko". "Elite ekonomikoen presioei muzin egin eta aurrekontuetan jasotakoa betetzea kosta egiten zaiela dirudi", zehaztu du.
Madrilgo hauteskundeen harira, berriz, Elkarrekin Podemoseko idazkariak uste du alderdi moreak "emaitza onak" lortuko dituela, ezinbestekoa baita "eskuin muturrarekin amaitzeko".