Politika -

Preso Politikoen Eguna

Euskal presoen "askatasunaren" aldeko aldarriak kaleak hartu ditu berriro

Espetxean dauden "preso politiko guztiei besarkada handi" bat bidali die Haimar Altuna Sortuko kideak, baita kataluniarrei ere. Mobilizazio "jendetsuak" izan direla azpimarratu du.

Donostiako manifestazioa. Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
Donostiako manifestazioa. Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia
Donostiako manifestazioa. Argazkia: Xabier Urteaga | Euskadi Irratia

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoak "etxera ekartzea" ahalbidetuko duten "konponbide politikoak" eskatzeko mobilizazioak antolatu ditu Sortuk, Preso Politikoen Nazioarteko Egunarekin bat, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean "Askatasuna!" lelopean.

"Gaurkoa bakearen, justiziaren, berdintasunaren eta askatasunaren alde borroka egiteagatik jazarri dituzten lagun guztiei elkartasuna agertzeko eguna da, baita preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko Euskal Herri eta mundu bat aldarrikatzekoa ere", adierazi du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak Twitter sare sozialean.

Era berean, efemeridearekin bat eginez, ETAko ia preso guztiak batzen dituen EPPK kolektiboak oharra egin du publiko, "norabide aldaketa" ikusten bada ere, "bide luzea" geratzen dela oraindik ohartarazi du eta "salbuespeneko politika eta legedi berezituak albo batera" uzteko eskatu du.

Donostian, Alderdi Ederretik abiatu da eguerdian manifestazioa eta Gros auzoan, Saguesen, amaitu da. Ordu berean, Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatu da beste manifestazio bat.

Iruñean 17:00etan izan da hitzordua, eta Gasteizen ordu erdi geroago, 17:30ean, hasi da. Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentaria eta Igor Arroyo LABeko idazkari nagusi ordea izan dira Nafarroako hitzorduan, besteak beste.

Manifestazioak hasteko, dozenaka pertsonak plastikozko poltsak eraman dituzte ETAko presoen eta zigorra betetzen ari diren kartzelen izenekin, etxetik zenbat kilometrora dauden zehaztuz, 'Askatasuna' leloa zeraman pankarta bat atzetik zutela. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta euskal presoen etxeratzearen aldeko banderak ikusi ahal izan dira. Euskal presoak etxera izan da oihu nagusia.

irunea

Iruñeko manifestazioaren burua. Argazkia: EFE

Donostiako manifestazioa bukatu ondoren, Haimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak lehen hitzak "munduko preso politiko guztiei" zuzendu dizkie. "Mundu zabalean askatasunaren alde borroka egiteagatik preso eta ihesean daudenei", azpimarratu du.

Espetxean dauden "preso politiko guztiei besarkada handi" bat bidali die Altunak, baita kataluniarrei ere, "iheslari zein erbesteratuei" ere. Mobilizazio "jendetsuak" izan direla azpimarratu du.

Gainera, "euskal preso politiko" guztientzako, "erbesteratu eta iheslari politikoentzako" eta "Euskal Herriarentzako askatasuna", eskatu du. Altunaren hitzetan, Euskal Herrian "sufrimendua" sortzen duen "gatazka politiko" bat dago, "9.000 euskal herritar" espetxera eraman ditu gatazka horrek, eta oraindik "konpondu gabe dago". Salatu duenez, euskal preso "politikoak" kartzeletan daude, Espainiako Estatuak "Euskal Herria eta arazo politikoaren konponbidea ukatzen jarraitzen" dituelako.

"Kartzela, kalea eta erakundeetatik egindako lanak emaitzak eman ditu, eta blokeoa haustea lortu da"

Altunaren ahotan, ETAk "borroka armatua" utzi eta hamarkada bat geroago, "oraindik preso politikoak, iheslariak eta erbesteratuak daude", eta "salbuespen politika" aplikatzen diete, Espainiako Estatuarentzat horietako bakoitza "independentziaren aldeko borrokan aktibo garrantzitsua delako". "Horregatik preso dituzte, proiektu independentistari kalte egiteko modu eraginkorra delako", gaineratu du.

Hala ere, "kartzela, kalea eta erakundeetatik egindako lanak emaitzak eman ditu, eta blokeoa haustea lortu da", nabarmendu du. Horrela, azken hilabeteetan espetxe politika "pixka bat leundu da, bakartzeak amaituz edo bigarren graduak areagotuz", gogorarazi du. "Espetxearen horman arrakala egin dugu, baina zulorik ez oraindik, lan eta borroka handia behar dugu espetxe, kale eta erakundeetan", defendatu du.

Gainera, ezin dira "lasaitu", arrakala handiago egiteko lan egin baizik, presoak "etxera itzultzeko", eskatu duenez. "Lehenago edo beranduago preso, iheslari eta erbesteratu politikoak Estatuaren atzamarretatik libratuko ditugu", ziurtatu du. "Ez dago irabazita, eta orain arte lortutakoa ez da nahikoa, preso guztiei salbuespen politikak aplikatzen zaizkiela ezin dugulako ahaztu", errepikatu du.

Zentzu horretan, "esfortzuak biderkatzea" aldarrikatu du, "euskal preso, erbesteratu eta iheslari politiko guztiak etxean" izateko. "Euskal Herriak bere etorkizuna demokrazian, bakean eta askatasunean eraiki behar duelako", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Donostia Iruñea Sortu Presoak ETA albisteak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Adiskidetzea Euskadin Manifestazioak Espetxeen azken ordukoa