Politika -
PRESOAK
EPPK-k espetxe legediaren baitan urratsak egiten jarraitzeko borondatea berretsi du
Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela eta, EPPK-k oharra kaleratu du eta 10 presotatik 9k baimenak izan beharko lituzkeela jada adierazi du. Sortuk manifestazioak deitu ditu hiriburuetan.
EITB MEDIA
Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta efemeride horrekin bat eginez, ETAko ia preso guztiak batzen dituen EPPK kolektiboak oharra egin du publiko, "norabide aldaketa" ikusten bada ere, "bide luzea" geratzen dela oraindik ohartarazi du eta "salbuespeneko politika eta legedi berezituak albo batera" uzteko eskatu du: "Gaur ikusten duguna ere ez da, inondik inora, nahi genukeen mapa, eta oraindik bide luzea dugu presoon egoerari zentzu gizatiarra ematera iristeko. Norabide horretan, presoon egoera ez ezik iheslari eta deportatuena ere konpontzeko orubea ezarri behar da. Eta lehen urratsa izan behar da euskal preso politiko guztiok Euskal Herrian eta 2º eta 3º graduan egotea, eta Estatu frantsesean betetako zigorrak Estatu espainiarrekoarekin batzea. Salbuespenezko neurri eta legediak behingoz ezabatzeko garaia da, ibilbidean bihar-etzirako ostertz berri bat eraikiz" irakur daiteke Naizen argitaratutako oharrean.
Espetxe legedia arruntetik aurrera egiteko asmoa dutela berretsi du euskal presoen kolektiboak, "2017an gure barne eztabaida amaitu genuenetik EPPK-k behin baino gehiagotan adierazi du kaleratze bidea espetxe legediaren baitan egiteko prestutasuna; etengabean jarraitzen dugu ahalegin horretan, eta euskal preso politiko guztiak kaleratu arte jarraitzeko erabakia berresten dugu", eta torturen gaiari ere erreferentzia egin dio EPPK-k, "aitorpena eta minaren onarpena eskatuz": "Estatu espainiarreko espetxeetan gaudenon artean 100etik gora kidek, % 57k zehazki, torturak salatu zituzten atxiloketa ondoren, eta torturapean erauzitako deklarazioak baliatu zituzten zigorrak ezartzeko. Euskal preso politikook gure ekinbidean eragin dugun mina onartzen dugun moduan, nahiko genuke guri eragindako minaren errekonozimendua jasotzea, torturatu gaituztela onartuz, zuzenbidearekin zer ikusirik ez duten epaiketen errealitatea onartuz, espetxealdiak luzatzeko lege-bihurritzeak, berrogei urtera arteko edo bizi osorako zigorrak, kartzela aldiak luzatu eta zigorra gogortzeko legediak espresuki prestatu izana eta abar onartuz".
Gainera, presoen % 90ak zigorraren laurdena beteta duela adierazi du EPPK-k eta, ondorioz irteera baimenak eduki beharko lituzketela. Era berean, %70ak zigorraren erdia beteta duela ere nabarmendu du presoen kolektiboak bere oharrean, eta ondorioz, hirugarren graduan beharko luketela. Era berean %30ak zigorraren hiru laurdenak beteta dituela eta behin-behineko askatasuna dagokiela nabarmendu du.
Euskal presoen kolektiboak gogorarazi duenez, Aieteko Adierazpenak jasotzen zuen "gatazkaren oinarrian arrazoi politikoak daudela eta gatazka horren ondorioak ere politikoak direla, baita preso egotea ere". "Oinarrian dauden arrazoi horietara jo behar da gure herrian konponbide eta elkarbizitza demokratikorik izango bada. Ezinbestekoa da Euskal Herriaren nazio aitortza egitea, eta Euskal Herriaren borondate demokratikoa inoren inposiziorik gabe errespetatuz hastea etorkizunaren eraikuntza.", gaineratu du.
Gainera, Igor Gonzalez Sola eta Asier Aginako hildako presoak gogoan izan dituzte, eta covid-19aren pandemia "eskubideak murrizteko eta murrizketak zabaltzeko" erabili dutela ohartarazi dute, bai espetxeratuen kasuan, bai senideen kasuan ere.
Manifestazioak hiriburuetan
Iritzi berekoa da Sortu alderdia ere. Gerturatzeak positiboak direla, baina legedi arrunta beteko balitz, ETAko 168 presok jada kalean edo espetxetik irtetear beharko luketela adierazi dute Oihana Garmendiak eta Rufi Etxeberriak.
Sortuk antolatuta, manifestazioak egingo dira gaur 12:00etan Bilbon eta Donostian eta 17:00etan Iruñean eta Gasteizen. Itxiera perimetralak direla eta, herri batzuetan ere antolatu dira manifestazioak.