Politika -
udalak
Josu Bergarak Sestaoko Alkatetza utzi du, Aldundian postu bat hartzeko
Bergarak postu berria hartuko du Bizkaiko Foru Aldundian, Toki Administrazioko zuzendari orokorrarena.
eitb media
Josu Bergarak dimisioa aurkeztu du Sestaoko alkate gisa, 10 urteren ostean (azken seiak, gehiengo osoarekin). Sortu berri den postu bat hartuko du Bizkaiko Foru Aldundian, Tokiko Administrazioko zuzendari orokorrarena.
EAJk Bergararen ordezkoa izendatu arte, Ainhoa Basabe alkateordea izango da jarduneko alkatea.
Datorren astearteko (hilak 20) osoko bilkuran gauzatuko da dimisioa, eta, Aldundiak baieztatu duenez, Bergara egun berean sartuko da Foru Erakundean. Tokiko Administrazioko zuzendari nagusi gisa hasiko da, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak sortu berri duen Zuzendaritzan. Bere egitekoa udalerriekin lana eta hurbiltasuna indartzea izango da.
Bergarak agertu duenez, "ez da erabaki erraza izan Udala uztea, baina Unai Rementeriaren lantaldean hastea erronka pertsonal eta profesional handia da, eta oso ilusio dosi handia".
Sestao uzteak "pena handia" ematen diola aitortu du, baina "Bizkaiaren alde lan egitea nire herriaren alde lan egitea ere bada, beraz, nire herrikideak oso lasai egon daitezke, oso hurbil egoten jarraituko dut eta".
Lanpostu berriaren inguruan, Bergarak adierazi du ondo ezagutzen duela "udalerriko bizitza, udal baten egunerokotasuna, horren arazo eta beharrak, eta espero dut nire esperientzia eta gogoa ekartzea Aldundia eta alkateak are gehiago hurbiltzeko, elkarlanean are gehiago aritzeko".
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiak Bergararen itzulerak foru-erakundea indartu egingo duela nabarmendu du, bertan Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari nagusia izan baitzen 2009 eta 2011 artean.