Politika -
Ezker Abertzalea
Iñaki Aldekoa ezker abertzaleko militante historikoa hil da
Aldekoa Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea izan zen eta gero Aralar zuzendu zuen. Diputatu izan zen Nafarroako Parlamentuan eta Kongresuan. 1983tik 1985era preso egon zen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Iñaki Aldekoa Azarloza ezker abertzaleko militante historikoa hil da 81 urterekin. Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kidea izan zen eta ondoren Aralarren sorreran parte hartu zuen.
Amorebieta-Etxanon jaio zen 1940an, baina Iruñean igaro zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Lanbidez ingeniari industriala zen. Herri Batasuneko diputatua izan zen Nafarroako Parlamentuan 1979ko, 1983ko eta 1987ko legegintzaldietan.
Hainbat erakunde abertzaletan aritu zen gaztetatik. 1978an Herri Batasuneko lehen Mahai Nazionaleko kide izan zen. HBko bozeramailea zen Nafarroan, Auzitegi Nazionalak espetxe-zigorra ezarri zionean. 1983tik 1985era egon zen preso.
Bere ibilbide politikoari eutsi zion eta 1986an HBko diputatu aukeratu zuten Kongresurako. 1992an Mahai Nazionaletik kanpo utzi zuten, ezker abertzalearen ildo ofizialetik aldendu zelako. 2000. urtean Aralar sortu zuen Patxi Zabaletarekin batera.
2004an, Aralarreko zuzendaritzako kide izendatu zuten eta hurrengo urtean alderdi horren zerrendaburua izan zen Araban, Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan. Arabako batzarkidea izan zen 2007tik 2011ra bitartean. Aralarreko kide izan zen 2017an desegin zen arte.
Sortuk bere babesa agertu die Aldekoaren senide eta lagunei, eta haren konpromiso politikoa azpimarratu du: "Iñaki errepresaliatu politikoa izan zen, herri honen independentziaren alde aritzeagatik espetxeratu zutena. Haren konpromiso militantea balioan jarri eta aitortu beharra dago".
Nafarroako Parlamentuak ere bere atsekabea adierazi du eta doluminak helarazi dizkio Aldekoaren sendiari.