Politika -

GIZA ESKUBIDEEN AUZITEGIA

Estrasburgok ontzat jo du Muguruzaren alabari eta bikotekideari kalte-ordaina ukatzea

Ane Muguruza eta Elena Bartolomek kalte-ordain bat jaso zuten 2001ean, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasun Legearen baitan (32/1999 Legea). Beste ordain bat eskatu zuten, baina ukatu egin zieten.

Ane Muguruza. EiTBren artxiboko bideo batetik ateratako irudia
Ane Muguruza
Ane Muguruza. EiTBren artxiboko bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota du Josu Muguruzaren bikotekideak eta alabak Espainiaren aurka jarritako salaketa, terrorismoaren biktima gisa eskatutako kalte-ordainagatik. Eskaera hori baztertu egin zuen bere garaian Espainiako Gobernuak eta orain erabaki hori babestu du Estrasburgoko Auzitegiak.

Ane Muguruzak eta Elena Bartolomek 138.232,78 euroko kalte-ordaina jaso zuten 2001ean, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasun Legearen baitan (32/1999 Legea).

2012. urtean ordain gehigarri bat eskatu zioten Espainiako Barne Ministerioari "senitartekoaren heriotzagatik", Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako Legeari (29/2011 Legea) helduta. 

Erreklamazioa atzera botatu zuten ordea, "ETAko kide" eta "Herri Batasuneko diputatu" zela argudiatuta.

Josu Muguruza 1984ko azaroaren 20an hil zuten tiroz Madrilen, jatetxe batean afaltzen ari zela Herri Batasunako diputatu gisa Espainiako Diputatuen Kongresuan karguaz jabetzeko bezperan.

Europako Auzitegiak ondorioztatu duenez, salatzaileek "ez dute frogatu loturarik dagoenik beren senidearen aurka artxibatutako zigor prozesuen eta haiek hasitako konpentsazio prozeduren artean", errugabetasun presuntzioari erreferentzia eginez.

Aurrez beste lau alditan egin duen bezala, Estrasburgoko Auzitegiak uko egin dio Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 6.2 artikulua aplikatzeari, errugabetasun-presuntzioari buruzkoa.

Halaber, Estrasburgok atzera bota du baita ere Maria Isabel Iturbe Abasolok eta Alaitz Perez de Arenaza Iturbek aurkeztutako helegitea. GALek 1984an Biarritzen hil zuen Javier Perez de Arenaza zenaren senideak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Zer ari da gertatzen Europan? Salaketak Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa Eskubide unibertsalak Giza Eskubideen Europako Auzitegia