Politika -
Autogobernua
Iñigo Urkullu: "Estatutua osorik betetzea helburu ukaezina da"
Adierazi duenez, Euskadirentzat "autogobernu gehiago eta hobea" lortzeak "garrantzi bereziko une" bati egin behar dio aurre.
I. G. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehenakariak astelehen honetan adierazi duenez, Gernikako Estatutua, "autogobernu aitortua", "osorik" betetzeko bidean aurrera egitea "lehentasunezko helburu ukaezina" da Jaurlaritzarentzat.
"Mundu aldakor eta aldakor honen erronkei eraginkortasun handiagoz erantzuteko tresna, palanka eta gaitasun gehiago izatea da helburua", adierazi du euskal agintariak Deia egunkariak argitaratutako artikulu batean.
Adierazi duenez, Euskadirentzat "autogobernu gehiago eta hobea" lortzeak "garrantzi bereziko une bati" egin behar dio aurre, eta Eusko Jaurlaritzako talde teknikoak "lan handia egiten ari dira transferentziak gauzatzeko".
Zentzu horretan, "elkarrizketa politikoa etengabea eta arina da Espainiako Gobernuko ministerioekin", ziurtatu du.
Lehendakariak adierazi duenez, covid-19aren pandemiari erantzutea da Eusko Jaurlaritzaren "lehentasuna", baina ez du bere jarduna "monopolizatzen". "Begirada igo eta etorkizuneko gizartean pentsatu behar dugu", gaineratu du.
"Pandemia honetatik aterako gara eta indartsuago ateratzeko prest egon behar dugu", baieztatu du.
Urkulluk agerian utzi du Eusko Jaurlaritza pandemiari hainbat planekin eta jarduerekin erantzuten ari zaiola. Arlo ekonomikoan, 2021eko lehen datuen arabera, euskal industria "azkar ari da suspertzen eta hazkunde tasak lortzetik gertu dago", nabermendu du.
Ildo horretan, euskal erakundeen arteko lankidetza baloratu du. "'Auzolana' euskal eredua, elkarlanerako gure eredua, indargune bat da egokitzeko eta aldatzeko gaitasuna erakusten badugu", esan du.
Bere ustez, eredu hori eguneratzeak "krisi honetatik indartsuago ateratzea ahalbidetuko digu, gure herriarentzat aukera bat baita".