Politika -

KATALUNIA

Gaur egingo dute Aragonesen inbestidurako bigarren bozketa, babes nahikorik gabe

Ezustekorik ezean, ERCko hautagaiaren ahaleginak porrot egingo du. Kasu horretan, ERCk eta Juntsek negoziatzen jarraitu beharko dute. Bi hilabete izango dituzte presidente berria izendatzeko.

Pere Aragones (ERC) Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE
Pere Aragones (ERC) Kataluniako Parlamentuan
Pere Aragones (ERC) Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Katalunian, Pere Aragones Generalitateko presidente izendatzeko bigarren bozketa egingo dute gaur Parlamentuan, lehendabizikoa egin eta lau egunera. Hala ere, azken orduko ezustekorik ezean, presidentegaiak ez du babes nahikorik lortuko. ERCko hautagaiak CUPen babesa ziurtatuta du, baina Juntsek lehen bozketako abstentzioari eutsiko dio.

Inbestidura saioa 10:00etan hasiko da Kataluniako Parlamentuko auditorioan. Koronabirusaren zabalkundea saihesteko neurriak tarteko, gune handiago horren aldeko hautua egin dute.

Saioa presidentegaiaren hitzaldiarekin hasiko da. Ondoren, Parlamentuan ordezkaritza duten taldeen txanda izango da, handienetik txikienera.

Ostiraleko bozketan, lehen bozketan izendatzeko behar den gehiengo absolututik urrun gelditu zen. Pere Aragonesek aldeko 42 boto (ERC eta CUP), aurkako 61 boto (PSC, Vox, En Comu Podem, Ciudadanos eta PPC) eta 32 abstentzio (Junts) jaso zituen.

Gaurko bozketan, gehiengo sinplea (aldeko botoak kontrakoak baino gehiago) nahikoa izango du. Dena dela, Juntsen babesa ezinbestekoa du eta azken orduko ezustekorik ezean, ostiraleko emaitzak errepikatuko dira.

Ostiraleko saioak ia 11 orduko iraupena izan bazuen ere, gaurkoa 14:30ak alderako amaitzea aurreikusten da.

Bigarren bozketak ere porrot egiten badu, ERCk eta Juntsek bi hilabete izango dituzte akordioa lortu eta presidente bat izendatzeko. Maiatzaren 26an amaituko da epea, egun horretan presidenterik ez badago automatikoki hauteskundeak deituko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia albisteak Politika albisteak Alderdi politikoak berriak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Kataluniako Hauteskundeak gaur CUP Puigdemont gaur ERC Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa