Politika -
Terrorismoaren biktimak
Donostiak Enrique Cuestari eta Antonio Gomezi omenaldia egin die
Antso Jakitunaren Hiribidean bi plaka jarri ditu Udalak. Era berean, Komando Autonomo Antikapitalisten bi biktimen omenez lore eskaintza egin dute.
EiTB Media | Agentziak
Donostiako Udalak bi plaka jarri ditu Antso Jakitunaren Hiribidean, Enrique Cuesta eta Antonio Gomez Komando Autonomo Antikapitalisten biktimen omenez. Duela 39 urte hil zituzten. Era berean, erasoaren bi biktimen omenez lore eskaintza egin dute.
Cristina Cuesta Enrique Cuestaren alabak, Covite terrorismoaren biktimen kolektibo presidente ohiak eta Miguel Angel Blanco Fundazioko zuzendariak, parte hartu du ekitaldian, Cristina eta Irene bere alabekin batera. Era berean, Pepi Gutierrez Antonio Gomez bizkartzainaren alarguna, Javier haren semea, bilobak eta erraina omenaldian izan dira.
Donostiako Udalbatzan ordezkaritza duten indar politiko guztiak omenaldian izan dira, EH Bildu kenduta, biktimaren familiak hala nahi izan duelako. Eneko Goia alkateak ere ekitaldian parte hartu du.
Era berean, Jose Antonio Rodriguez Ranz giza eskubide, memoria eta lankidetza sailburuordea eta Ana Iribar, Iñaki Garcia Arrizabalaga edo Barbara Duhrkop ETAren biktimak bertan izan dira.
Udalak iragan legealdian abian jarri zuen ekimena, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei esparru publikoan ikusgarritasuna emateko. Dagoeneko 11 plaka jarri dituzte hiriburuko kaleetan.
Horrela, hirian "bizitza galdu zuten biktimei esparru publikoan ikusgarritasuna emateko eta memoria berreskuratzeko ekimenarekin" aurrera jarraitzen du Udalak.
54 urteko Enrique Cuesta Jimenez eta 24 urteko Antonio Gomez Garcia eraso batean hil zituzten 1982ko martxoaren 26an. Cuesta Telefonicako ordezkaria zen Donostian, eta atentatuan hil zen. Gomez, Espainiako polizia eta Cuestaren bizkartzaina, ostera, bost egun geroago hil zen.
Omenaldiaren amaieran, egun "oso hunkigarria" dela adierazi du Cuestak. Ekitaldia Antonio Gomezen familiarekin partekatu ahal izatea goraipatu du Cuestak, "Espainiako polizia nire aitaren askatasuna babestuz eta zainduz hil zutelako".
"Herritarrekin, donostiarrekin, elkartzea hunkigarria da. Nik guztiak ordezkaturik gaudela pentsatu nahi dut, biktimen memoria eta justiziaren defentsan baturik", azpimarratu du Cuestak. "Hiltzaileak eta oraindik krimena justifikatzen jarraitzen dutenak soilik falta dira hemen", erantsi du.
Bestalde, Javier Gomez bizkartzainaren semeak Donostiako Udalari eskerrak eman dizkio. "Euskadiko eta Espainiako gizartearen adiskidetzerantz, memoriarantz eta bakerantz beste pauso bat da", nabarmendu duenez.
Azkenik, Donostiako alkateak esan duenez, ekitaldi "xumea, baina zintzoa" izan da, duela 39 urte "modu erabat bidegabean" bizitza galdu zuten bi pertsona gogora ekartzeko.