Politika -

MEMORIA HISTORIKOA

Javier Batarrita omendu dute, euskal gatazka politikoaren lehen biktima aitortua

Polizia kontrol batean tirokatu zuten, duela 60 urte, Bilboko Bolueta auzoan. Gaur, Gogora Institutuak eta Bilboko Udalak haren memoria berrekuratzeko ekitaldia egin dute.

Javier Batarritari omenaldia
Javier Batarritari omenaldia
1961ean Boluetan hil zuten Javier Batarrita omendu dute

1:20

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, Bilbon egin den ekitaldi batean, Javier Batarrita Elexpuru, "poliziaren indarkeria bidegabearen biktima aitortua", gogoratu eta omendu dute, hilketaren 60. urteurrenean. Txirrindulari ohia, pertsona oso ezaguna zen Batarrita, eta haren heriotzak samin handia eragin zuen garai hartako gizartean. Gaur, familiak erakundeen babesa jaso du.

1961eko martxoaren 27an izan ziren gertakariak, Bilboko Bolueta auzoan, ETAko kideak atzemateko ezarri zuten polizia kontrol batean. Polizia Nazionaleko eta Guardia Zibileko agentak zeuden kontrolean.

Bertsio ofizialaren arabera, Peugeot 403 markako auto bat geldiarazi zuten, eta ateak zabaldu orduko, barruan zeudenen kontra hasi ziren tiroka, ETAko kideak zirelakoan. Tokian bertan hil zen Batarrita.

Antonio Ibañez Freirre orduko Bizkaiko gobernadore zibilak adierazi zuen "nahastu" egin zirela, "terrorista baten autoa" zela uste baitzuten. Ondoren egin zen epaiketan, tiroketan parte hartze zuten guardia zibilak eta poliziak absolbitu egin zituzten.

Gaurko omenaldi ekitaldian, Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzarako sailburuordeak hartu du hitza Jaurlaritzaren izenean, eta "diktadura frankistan gertatu zen eta zuzenbide-estatuak zuzendu ez zuen gertakari bat" izan zela esan du. Gasteizko Gobernuaren 107/2012 Dekretuaren bidez aitortu zuten Batarrita biktima modura, hil zutenetik 51 urte igaro zirenean.

"Biktimak, eskubideak urratu zaizkien biktima guztiak, legez aitortzeko, erakundeek eta gizarteak biktimei aitorpena adierazteko konpromisoa berretsi nahi dugu. Ekitaldi xume hau aitorpen horren ikurra izatea nahi dugu, Francisco Javier Batarrita gogoan izanda", esan du Rodriguez Ranzek.

Javier Batarrita Gazteluk ere hartu hartu hitza ekitaldian, biktimaren semeak. Bere aitaren heriotzak "frankismoak eragindako hilketa" izan zela esan du, "ondoren etorriko zenaren hasiera".  Sei hamarkada beranduago egoera "asko aldatu" bada ere, "arriskuak" hor dirauela esan du, polizia indarkeria ez delako desagertu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Memoria Historikoa Polizia indarkeriaren kasuak