Politika -
kontrol saioan
Euskadik pandemiari aurre egiteko tresna eraginkorrak dituela esan du Urkulluk
EH Bilduk "komunikazio argia eta neurri koherente eta ulergarriak" eskatu dizkio lehenkariari, herritarrak "nahastuta eta haserre" daudelako.
N.B. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Euskadik "tresna eraginkorrak" ditu pandemiari aurre egiteko, baina "tresna eta baliabide gehiago izatea gustatuko litzaiokeela" onartu du. Hala ere, "orain eskura dauden tresnekin lan egiteko garaia dela" uste du, "pandemiaren egungo egoeratik ahalik eta lasterren ateratzeko".
Eusko Legebiltzarraren kontrol saioan, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak pandemiari aurre egiteko behar diren tresnei buruz galdetu dio lehendakariari, eta gogor kritikatu du azken orduetan Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) egindako deialdia, prentsari "balizko neurrien filtrazioak" eginez.
"Urkullu jauna ez dirudi oso serioa, eta une honetan zerbait behar badugu, komunikazio argia eta neurri koherenteak eta ulergarriak dira. Jendea nahastuta eta haserre dago", esan du.
Halaber, uste du Bizi Berri III Planak, Eusko Jaurlaritzak ekainera arte aurreikusitako pandemiaren aurrean jarduera sozialak arautzeko duen estrategiak, ez dituela "egoerari aurre egiteko neurri nahikoak jasotzen".
EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu egin du Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldea martxan jarriko ez dela, eta lehendakariari "kogobernantzaz eta promesa faltsuez" hitz egitea leporatu dio.
Horren harira, gogorarazi du aurreko legealdian bere alderdiak EAJrekin autogobernuari buruzko akordioa lortu zuela, eta lehendakariari ez zitzaiola "asko gustatu", eta akordio hori martxan jartzen ez bada, "Gainerako guztia jendea babesteko inolako bermerik gabeko adabakiak" izango direla uste du.
"Tresna eraginkorrak"
Halaber, LABI arratsaldean bilduko dela gogorarazi du, eta Euskadik pandemiari aurre egiteko "tresna eraginkorrak" dituela azpimarratu du, besteak beste, osasun sistema publiko "indartsua, herritarrek ondo baloratzen dutena" eta suspertze sozioekonomikorako eta enplegua berreskuratzeko tresnak, hala nola laguntza planak, aurrekontuak eta covid funtsak, baita Bizi Berri Plana ere.
"Herrialde batzuek baino baliabide eta tresna gehiago ditugu, eta beste batzuek baino gutxiago, noski, baina orain eskura ditugun tresnekin lan egiteko garaia da. Orain, ekaitzaren erdian, kontua iparra ez galtzea eta egoera honetatik ahalik eta lasterren irtetea da", defendatu du.