Politika -
Katalunia
Borrasek Aragones proposatu du inbestidurarako, baina oraindik ez du nahikoa babes
ERCren hautagaiak oraindik ez du ostiraleko inbestidurarako boto nahikorik, JxCatek uko egin baitio ERCk eta CUPk izenpetutako aurreakordioari.
agentziak | eitb media
Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak Pere Aragones ERCren koordinatzaile nagusia proposatu du inbestidurarako hautagai gisa, nahiz eta oraindik ez duen ostiralean presidente izendatzeko nahikoa babes pilatu.
Parlamentuko buruzagiekin bilera sorta egin ostean, Borrasek adierazpen instituzional labur bat egin du, ostiralerako hautagaia Aragones dela jakinarazteko, bera delako "inbestitua izateko aukera gehien duena".
Adierazpen instituzionalaren ostean, hautagaiaren proposamena sinatu eta inbestidura deitu du ostiralerako, hilaren 26rako, 10:00etan.
"Parlamentuko presidente gisa, ganbera honetako talde parlamentario guztietako ordezkariekin bilera sorta egin ostean, egiaztatu dut Pere Aragones diputatua dela Kataluniako Generalitateko presidente inbestitzeko aukera gehien duen hautagaia", azaldu du.
Hala ere, gaur-gaurkoz, Aragonesek ez ditu lotu ostiralean izendatua izateko behar dituen boto guztiak, JxCat koalizioak uko egin baitio ERCk eta CUPek izenpetutako aurreakordioan parte hartzeari, eta ohartarazi du negoziazioak "egunak edo asteak" luza daitezkeela.
CUPen 9 botoak eta ERCren 33ak behar-beharrezkoak dira, baina ez dira nahikoa Aragonesen inbestidurarako.
JxCateko kideen artean ezinegona omen dago ERCk lehenengo aurreakordioa CUPekin itxi duelako, JxCat koalizioak askoz ere indar handiagoa izan arren.
Gemma Geis JxCatek Parlamentuan duen bozeramaileak esan duenez, "litekeena" da akordioa garaiz ez iristea Aragones ostiralean izendatzeko.
Aragonesek gehiengo osoa (68 boto) behar du lehenengo bozketa irabazteko, baina bigarren bozketan (ziurrenik asteartean) nahikoa izango du gehiengo sinplearekin.
Aragonesena ez zen Borrasek mahai gainean zuen izen bakarra. Salvador Illa sozialista izan zen bozkatuena eta ERCk beste eserleku (33) lortu zituen otsailaren 14ko hauteskundeetan, baina Borrasek baztertu egin du horren hautagaitza, ERCren hautagaiak "aukera gehiago" dituelakoan.