Politika -
Auzitegi Nazionala
PPko hiru idazkari nagusi ohik ukatu egin dute 'b kutxa' zegoenik
Hala eta guztiz ere, Del Burgo Nafarroako presidente ohiak onartu "Barcenasen paperetan" agertzen diren bi ordainketatan bitartekari lana egin zuela.
agentziak | eitb media
Francisco Alvarez Cascos, Javier Arenas eta Maria Dolores de Cospedal PPren idazkari nagusi ohiek ukatu egin dute, Auzitegi Nazionalean, alderdiak 'b kutxa' zuenik eta legez kanpoko gainsoldatak jaso zituztenik.
Hiruek deklaratu dute gaur PPren egoitzaren erreforma diru beltzarekin ordaindu izanaren harira egiten ari diren epaiketan. Bideokonferentziaz izan da deklarazioa, Alvarez Cascosena izan ezik.
"Nik sekula ez dut eduki edo sortu b kutxarik", adierazi du 1989tik 1999ra PPren idazkari nagusi izan zenak, hau da, Jose Maria Aznarren (bihar deklaratuko du Mariano Rajoyrekin batera) Gobernuaren garaian alderdiaren buru zenak.
Bai Alvarez Cascosek bai Javier Arenasek (1999-2003) ukatu egin dute PPren diru-zain ohiaren paperak egiazkoak direnik, eta azken horrek esan du balitekeela beste Javier Arenas bat egotea, paperetan "jar" edo "javier arenas" agertzen delako.
Era berean, hiruek errefusatu dute akusatuekin, Barcenasekin eta, harreman txarra dutenik, baina Cospedalek gero esan du "mespretxatu" egiten duela "pertsona hori", bere izena esan gabe.
2008tik 2018ra idazkari nagusi izan zenak argi hitz egin du b kutxaz edo enpresariengandik jasotako ustezko gainsoldatez. "Ez dut onartzen gainsoldaten ordainketa sistema bat egotea", azpimarratu du, eta egotekotan, "PPren diru-zain edo gerente izan zenarena" zela.
Bestalde, Ignacio del Burgo eta Eugenio Nasarre PPko diputatu ohiek ere hitz egin dute gaurko auzi saioan, eta alderdiak eskudirutan ordaindu izan ziela onartu dute, nahiz eta horren legezkotasuna defendatu duten.
Del Burgo Nafarroako presidente ohiak onartu du "Barcenasen paperetan" agertzen diren bi ordainketatan bitartekari lana egin zuela. Kasu batean 3,9 milioi pezeta eman omen zizkion Calixto Ayesa Nafarroako kontseilari ohiari, 1991n, kreditu baten ordainketagatik, eta esan du berak uste duela Aznar presidente ohia izan zela PPren orduko diru-zainari, Alvaro Lapuertari, ordainketa hori egiteko agindua eman ziona.
Nasarrek, bestalde, 2003an 30.000 euro jaso zituela onartu du, eta PPk Humanismo y Democracia fundazioaretzat pertsona "anonimoengandik" jasotako dirua zela.
Pedro J. Ramirez kazetariak ere hitz egin du gaurkoan, eta baieztatu du Barcenasek jakinarazi ziola Alvaro Lapuertak enpresarioen dirua "plastikozko edo kirol poltsetan" jasotzen zuela bulegoan, eta horietako batek 300.000 euro eskaini zituela Rajoyren kanpainarako.