Politika -
Ajuria Enea
EAJk eta PSE-EEk oposizioarekin akordioak egiteko prestutasuna berretsi dute
Bi alderdietako buruzagien batzarrarekin, lehendakariak oposizioarekin egin duen bilera-sorta itxi eta aztertu dute. Oposizioa kexu zen euren proposamenak atzera botatzen dituztelako.
agentziak | eitb media
EAJk eta PSE-EEk, Eusko Jaurlaritza osatzen duten eta Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdiek, berretsi dute oposizioko alderdiekin hitz egiteko eta adostasuna lortzeko prestutasuna dutela legegintzaldi honetan, covid-19ak eragindako krisian.
Iñigo Urkullu lehendakaria Andoni Ortuzar buruzagi jeltzalearekin eta Idoia Mendia sozialisten idazkari nagusiarekin elkartu da, baina ez horiekin bakarrik, Joseba Egibar eta Eneko Andueza EAJren eta PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak ere bertan egon baitira.
Bilera honekin itxi dute harreman erronda, lehendakariak alderdi guztiekin (Voxek uko egin zion) egin duena eta aurreko asteazkenena amaitu zena.
EH Bildurekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta PP+Cs-ekin egindako bileretan, Urkulluk elkarlan handiagorako borondatea helarazi zien, pandemiaren erronkei aurre egiteko, baina oposizioak salatu zuen EAJk eta PSE-EEk atzera botatzen dituztela euren proposamenak Legebiltzarrean duten gehiengoa baliatuta.
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak esan du bere alderdiak eta erakundeetan dituzten ordezkariek handitu egingo dutela esfortzua "oposizioko alderdiei pandemiari aurre egiteko borrokari buruzko informazioa hobeto helarazteko, eta Legebiltzarrean elkarrizketa indartzeko".
"Lehendakariak asmatu egiten du alderdioi batasuna eta elkarrizketa eskatzen", orain esfortzua "osasun publikoa bermatzea, gehien behar duenari laguntzea, eta covid-19aren ostean Euskadi indartuta ateratzeko oinarriak jartzera bideratu behar denean", esan du.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusi eta lehendakariordeak ere berretsi du Jaurlaritzak eskua luzatzen diola oposizioari, baina programako zutabeekiko koherentziaz: "Osasuna eta susperraldi ekonomikoa bermatzea, eta justizia irizpideei erantzunez".
Mendiak gogorarazi du EAJk eta PSE-EEk gehiengo "indartsua" dutela, eta "aurrekontu anbiziotsua", "Europako funtsak lehiakideak baino lasaitasun politiko handiagoaz" hartzeko prest.