Politika -
ABERRI EGUNA
EH Bilduk bat egin du Euskal Herria Baterak Aberri Egunerako egindako deialdiarekin
Apirilaren 4an herri eta hirietako plazetan elkartzeko deia egin du koalizio abertzaleak, "herri bat garela" eta "burujabeak izan nahi dugula" aldarrikatzeko.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Euskal Herria Batera plataformak Aberri Egunerako egindako deiarekin bat egin du EH Bilduk, eta horrenbestez, "apirilaren 4an, 12:30ean, herrietako plazetan abesteko eta balkoietan ikurrinak eta Nafarroako ikurrak" jartzeko eskatu die herritarrei koalizio abertzaleak.
EH Bilduren arabera, covid-19aren pandemia dela eta, aurten ere, "ezin izango da aurreko urteetan bezala ospatu Aberri Eguna", baina "herri bat bat garela" eta "burujabeak izan nahi dugula" aldarrikatzeko aukera izango da. "Burujabeak izan nahi dugula eta gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko modua izango da apirilaren 4ean", esan du koalizioak, ohar bidez.
Joan den larunbatean aurkeztu zuen Euskal Herria Baterak aurtengo Aberri Egunerako ekimena, Donostian egindako agerraldi batean. "Keinu bateratua" egiteko deia egin zieten eragile politiko eta sozialei, "Euskal Herri burujabea" aldarrikatzeko. "Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko", adierazi zuten. Euskal Herri osoko 50 bat gizarte eragilek egin zuten bat ekimenarekin.
Bere aldetik, EAJk aste honetan bertan iragarri du Euskalduna Jauregian egingo duen ekitaldi politiko batekin ospatuko duela aurtengo Aberri Eguna. Indarrean dauden osasun arauak tarteko, militanteek ezingo dute Euskaldunako hitzordura joan, eta, urtero bezala, balkoietan ikurrina jartzeko deia ere egin dute jeltzaleek.