Politika -
KATALUNIA
Kataluniako alderdi independentistek amnistia eskatu dute gatazkari amaiera emateko
ERC, JxCAT, PdeCat eta CUP alderdiek Amnistia Legea erregistratu dute Diputatuen Kongresuan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Kataluniako alderdi independentistek amnistia eskatu dute Kataluniako prozesuan zigortutako presoentzat, gatazkari konponbide politikoa emateko. ERC, JxCAT, PdeCat eta CUP alderdiek beren indarrak batu zituzten atzo eta Amnistia Legea erregistratu zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan.
Ondoren alderdi independentistek elkarrekin eskaini zuten prentsaurrekoan, Amnistia Legea babesteko eskatu zioten Espainiako Gobernuari, "errepresioarekin" amaitzeko aukera gisa.
Montse Bassak (ERC), Miriam Nogueras (JxCat), Ferran Bel (PdeCat) eta Mirehia Vehik (CUP) testua onartzeko eskatu zioten Sanchezen Gobernuari, "gatazka politikoa eremu politikora eramateko". Egitasmo horrekin argitu nahi dute, gainera, zenbaterainokoa den Pedro Sanchez buru duen gobernuaren konponbiderako borondatea.
Atzoko agerraldian salatu zutenez, ezin da politika "erbestetik", "errepresiotik", jazarpenetik eta kartzelatik egin. Noguerasen ustez, amnistia babestuz baiezta dezakete alderdiek "errepresioaren bidea akatsa izan zela".
Bassak azpimarratu zuen lege horrek "hutsetik hastea" esan nahi duela independentziaren aldeko auzian eta erreferendum demokratiko bat nahi zuten pertsonekiko jazarpenean.
Itxura guztien arabera, lege proposamenari buruzko eztabaida ez da maiatzaren 4a baino lehen egingo. Orduan egingo dira hauteskundeak Madrilen. Hala ere, lege proposamenak ez du aurrera egingo, besteak beste, PSOEk aurka bozkatuko duelako.