Politika -
Bizkaiko Foru Aldundia
Rementeriak bi diputatu ordezkatu ditu foru gobernuari "freskotasuna" emateko
Ibone Bengoetxea eta Elena Unzueta gobernutik atera, eta Elixabete Etxanobe sailburuordea eta Amaia Antxustegi Lekeitioko alkateordea sartuko dira. Lorea Bilbaok hartuko du bozeramaile-kargua.
E. G. | EITB MEDIA
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Ibone Bengoetxea eta Elena Unzueta diputatuak ordezkatu ditu foru gobernuari "freskotasuna" emateko. Rementeriak "birmoldaketa" egin du pandemia gainditu eta gero Bizkaiak behar duen lehengoratzeari "freskotasunez eta indarrez" aurre egiteko helburuarekin.
Bilbon egindako prentsaurreko batean azaldu duenez, gobernu aldaketaren atzean ez dago "inolako arazorik", eta birmoldaketa "naturaltasunez eta normaltasunez" egin du, lurraldeak pandemiaren osteko erronkei behar den moduan hel diezaien.
Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua izan da orain arte, eta Unzueta, bozeramaile eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko diputatua. Biak ala biak Rementeriaren ondoan izan dira 2015az geroztik, eta orain, agintaldi berriaren erdia agortu ez denean, ordezkatu egin ditu Rementeriak. Elixabete Etxanobe Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak hartuko du Bengoetxearen kargua, eta Amaia Antxustegi Lekeitioko alkateordeak, Unzuetarena.
Unzueta, Bizkaiko Foru Aldundiaren argazki instituzionalean.
Bengoetxea, Bizkaiko Foru Aldundiaren argazki instituzionalean.
Gobernuaren bozeramaile lanetan, berriz, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatua arituko da aurrerantzean, Unzuetaren ordez.
Rementeriak "bihotzez" eskertu die egindako lana Bengoetxeari eta Unzuetari, eta diputatu izendatu berriak ahotan, "funtsezkoak diren bi eremuz" arduratuko direla nabarmendu du ahaldun nagusiak: "Esperientzia dute, behetik hasi dira, Bizkaia ilusioz ulertzen dute eta Bizkaiarentzat lan egiteko prest daude. Niretzat funtsezkoak diren bi eremuz arduratuko dira: udalekiko, udalerriekiko, lurralde berdintasunarekiko, ingurumenarekiko eta iraunkortasunarekiko harremanaz".