Politika -

Katalunia

Borras izendatu dute Kataluniako Parlamentuko presidente

JxCat eta ERC alderdietako diputatuen botoak jaso ditu Borrasek, baita CUPeko ordezkari batena ere. Azken horrek Lluis Puig diputatuaren "hutsunea" orekatzeko eman dio boza.

Laura Borras, Parlamentean. Argazkia: Efe
Laura Borras, Parlamentean. Argazkia: Efe
Laura Borras, Parlamentean. Argazkia: Efe

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura Borras JxCateko kidea izendatu dute ostiral honetan Kataluniako Parlamentuko presidente, bigarren bozketan 64 boto eskuratu ostean.

JxCat eta ERC alderdietako diputatuen botoak jaso ditu Borrasek, baita CUPeko ordezkari batena ere. Azken horrek Lluis Puig diputatuaren "hutsunea" orekatzeko eman dio boza. Izan ere, Belgikan dagoenez, ez du bozkatzeko aukerarik izan.

Eva Granados hautagai sozialistak, bestalde, 50 boto jaso ditu: PSCren 33, Ciudadanosen 6, PPren 3 eta En Comun Podemen 8. Voxeko diputatuek eta CUPek, berriz, zuri bozkatu dute.

10:00etan hasi da saioa beheko solairuko Auditoriumean, leku handiagoa eta aireztatuagoa baita. Bertan, aspaldiko partez bildu dira 135 diputatuak.

Deialdi dekretua irakurriz abiatu dute saioa. Ganberako idazkari nagusia, Xavier Muro, izan da hitza hartzen lehena, eta, ondoren, bozketa abiatu dute.

Otsailaren 14ko hauteskundeetan, Generalitateko presidente izateko hautagai aurkeztu zuen Borras JxCatek, baina, 32 eserleku eskuratuta, ez zuen lortu Gobernuan agintea hartzea; izan ere, ERCk 33 eserleku eskuratu zituen. Horrenbestez, Pere Aragones izendatuko dute Generalitateko presidente martxoaren 26a baino lehen.

Independentisten arteko akordio batez baliatuta, Presidenteordetza hartu beharrean, Borrasek onartu egin du Parlamentuko buru izatea, nahiz eta zalantzak dauden haren etorkizunaren inguruan, Justiziak hartutako erabakiek baldintzatu dezaketelako.

Oraingoz, baina, Roger Torrenten lekua hartu du Borrasek ostiral honetan.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Bartzelona Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako hauteskundeak Kataluniako Generalitatearen albisteak Junts per Catalunya