Politika -

KATALUNIA

Meritxell Serret kontseilari ohia Belgikatik itzuli eta Auzitegi Gorenera joan da

Apirilaren 8an deklaratuko du epailearen aurrean "desobedientzia delitua" egotzita. Serret Kataluniako erreferendum independentista antolatu zuten pertsonen aurkako auzi penalean auzipetuta zegoen.

Clara Ponsanti, Antoni Comin y Meritxell Serret kontseilari ohiak. Artxiboko irudia: EFE
Clara Ponsanti, Antoni Comin y Meritxell Serret kontseilari ohiak.
Clara Ponsanti, Antoni Comin y Meritxell Serret kontseilari ohiak. Artxiboko irudia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meritxell Serret Kataluniako Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura sailburu ohia Espainiako Auzitegi Gorenera joan da ostegun honetan, Iñigo Iruin abokatua ondoan zuela, 2017ko urritik Belgikan erbesteratuta egon ostean. Apirilaren 8rako hitzordua jarri diote, galdekatzeko, eta aske utzi dute.

Serret Kataluniako erreferendum independentista antolatu zuten pertsonen aurkako auzi penalean auzipetuta zegoen. Ikertua auzitegiaren esku jartzeko eta bere egoera prozesala erregularizatzeko helburuarekin joan da Gorenera.

Carles Puigdemonten Gobernuko kontseilaria izan zen, 2017ko urriaren 28an kargugabetu zuten arte, Konstituzioaren 155. artikulua aplikatuta, eta ondasun publikoak bidegabe erabili izana eta desobedientzia egotzita auzipetu zuten.

Dena dela, orain arte ez da frogatu bere sailak U-1eko erreferenduma antolatzeko ordainketarik egin izana. Horrela epaitu zituzten gainerako auzipetuak desobedientzia delituagatik kondenatu zituztenez eta bidegabeko eralgitze delituagatik absolbitu zituztenez, 2019ko urriaren 14ko epaiaren ondoren ez zen haren aurkako euroagindurik indarrean.

Hala ere, atxilotzeko agindu bat zegoen indarrean Espainian, deklaratzera deitzeko eta haren aurkako prozedurarekin jarraitzeko. Desobedientzia deliturako aurreikusitako zigorrak enplegu edo kargu publiko izateko bi urtera arteko desgaikuntza eta isuna ekar diezaioke.

Pablo Llarena II. salako epaileak, Proces auziaren instruktoreak, Serret behin-behinean aske uztea erabaki du. "Ondoriorik gabe geratu da hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua, baita hura auzi-ihesean dagoela ere, gaur Auzitegi Gorenaren esku jarri baita, bere borondatez, zuzenbidearekin bat etorriz jarduketak egiten jarraitzeko", esan du autoan.

Epaileak apirilaren 8rako deitu du Serret deklaratzera, 11:00etan.

Serret: "Erabaki zuzena da, eta urrats logikoa"

ERCtik azaldu dutenez, Serret duela gutxira arte Europar Batasunean zegoen Generalitateko ordezkaria zen, eta datozen orduetan Kataluniara itzultzea espero du; izan ere, ez du atxilotzeko euroagindurik, nahiz eta oraindik dirua bidegabe erabili izana eta desobedientzia leporatzen dizkioten.

Ohar batean, Serretek esan du badakiela itzulerak "arriskuak" dakartzala, baina "asko pentsatutako erabakia" dela.

Zentzu horretan, "erabaki zuzena eta pauso logikoa" dela uste du, "Espainiako Estatuak independentismoaren aurkako errepresioari amaiera ematen laguntzeko".

Arrisku horiek bere gain hartuta, bere egoera berean dauden "kide guztientzat bidea irekitzen" ari dela gaineratu du; izan ere, bere erabakia indibiduala den arren, "inplikazio politiko eta kolektiboak" izan ditzake beste independentisten aurkako prozesu judizialetan.

Serreten asmoa "diputatu akta hartu ahal izatea" da, Kataluniako hauteskundeetan ERCren bigarren hautagaia izan baitzen Lleidan. Politika Kataluniatik egin nahi duela gaineratu du.

Serret jaioterrira itzuli da

Nekazaritza kontseilari ohiak "erbesteratu" guztiak itzultzea eskatu du bere jaioterrian, Vallfogona de Balaguerren (Lleida), ehun bat herritarrek egin dioten harreran.

Bizilagunekin batera, ERCko ordezkari talde bat ere bertaratu da, Pere Aragones Generalitatearen presidentegai eta presidenteordea eta Roger Torrent Parlamentuko presidente ohia, tartean.

Emozioz gainezka, Serretek esan du "oso egun berezia" dela, eta kanpoan emandako ia hiru urte eta erdian "oso une gogorrak" bizi izan dituela, nahiz eta Kataluniatik alde egin zuenean joan zen "pertsona bera" izan.

"Kataluniako errepublika modu partekatuan eraikitzeko nahiari eusten diot", azaldu du, etxera itzultzeagatik "zorionekoa" dela aitortu aurretik.

Bart gurutzatu du muga Euskal Herrian

Serretek atzo igaro zuen muga errepidez Euskal Herritik, azken egunotan antolatutako mugimendu batean, oso jende gutxi jakinaren gainean jarrita.

Serreten gurasoek ez zekiten gaur itzuli behar zela, Auzitegi Gorenera iritsi arte atxilotzeko arriskua zegoelako.

Politikari kataluniarrak ez zuen bakarrik egin bidaia, eta Madrilen Iñigo Iruin bere abokatu berriarekin elkartu da, Auzitegi Gorenean bere burua aurkeztu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen azken ordukoa