Politika -
KRISI POLITIKOA MADRILEN
PPk eta Ciudadanosek talde parlamentarioa partekatzen jarraituko dute Legebiltzarrean
PP+Cs koalizioko iturriek diotenez, Murtzian eta Madrilgo erkidegoan bi alderdi horien artean sortutako krisiak ez du "inolako" eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoan.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Murtzian eta Madrilen PP eta Ciudadanos alderdien arteko gobernu koalizioak hautsi izanak ez du gaur-gaurkoz eraginik izango Euskal Autonomia Erkidegoan. Bi alderdiek talde parlamentarioa osatzen jarraituko dute Eusko Legebiltzarrean.
PP eta Ciudadanos koalizioan aurkeztu ziren iragan uztaileko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara eta guztira 6 eserleku eskuratu zituzten: 4 PPk eta 2 Ciudadanosek. Ciudadanosek ez du beste ordezkaririk EAEn, ez udaletan eta ezta Batzar Nagusietan ere.
Koalizioa osatzeko agindua Genovatik inposatu zuten eta horrek Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidente zenaren dimisioa eragin zuen.
PP+Cs talde parlamentarioak lan-bilera egin zuen atzo goizean, Ciudadanosek Murtzian PPren gobernuaren aurkako zentsura mozioa babestuko zuela jakin zenean eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak hauteskundeak aurreratzeko erabakia iragarri zuen bitartean.
"Hemen ez da ezer gertatzen", esan zuten PPko iturriek. Ildo horretan, talde parlamentario bat partekatzearen eta koalizio gobernu batean egotearen arteko aldea nabarmendu zuten.
Jose Manuel Gil Ciudadanoseko koordinatzaile eta legebiltzarkideak Efe agentziari adierazitakoaren arabera, Murtziako eta Madrilgo krisiek ez dute "inolako" eraginik izango EAEko koalizioan. "Ez epe laburrera, ez ertainera, ez epe luzera", gaineratu zuen. "Hemen independentismoa indartsu dago eta konstituzionalismoak batuta egon behar du. Ez da ezta ere gobernu koalizioa bat", azpimarratu zuen.