Politika -
Ustelkeria
B kutxaren epaimahaiak ez du onartu Barcenasen eta Rajoyren arteko aurrez aurrekoa
Aitzitik, zenbait kazetari deklaratzera deitzeko Barcenasen defentsak egindako eskaera baietsi du. Hartara, Mercadok, Indak, Ekaizerrek eta Bernalek (Marisa Gallero) deklaratuko dute lekuko gisa.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
PPren B kutxa epaitzen ari den epaimahaiak uko egin dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiaren eta Luis Barcenas alderdi horretako diruzain ohiaren arteko aurrez aurrekoari. Epaiketan egindako adierazpenetan kontraesanak sumatuz gero, haien bien arteko aurrez aurrekoa proposatu zuen Barcenasen abokatuak, baina auzitegiak ez du eskaera onartu.
Epaimahaiko presidenteak berak jakinarazi du atzera bota duela proposamena, gaurko saioa hasi eta berehala.
Haren esanetan, instrukzio faseari dagozkio aurrez aurrekoak. Gainera, adierazi du Barcenasek auzipetu gisa deklaratuko duela; Rajoyk, aldiz, lekuko gisa.
Ezezkoa arrazoitzeko orduan, argi utzi du, halaber, bere lana ez dela kontraesanetan oinarritzea, epaimahaiak baloratu beharko baitu bi lekukotza horien sinesgarritasun maila.
Dena den, zenbait kazetari deklaratzera deitzeko Barcenasen defentsak egindako eskaera baietsi du. Hartara, Francisco Mercadok, Eduardo Indak, Ernesto Ekaizerrek eta Maria Luisa Bernalek (Marisa Gallero) deklaratuko dute lekuko gisa.
Helburua da Alvaro Lapuertaren (Luis Barcenasen ondorengoa) grabazio bat existitzen den argitzea. Ustez, PPko buruzagi ohiei egindako ordainketei buruz hitz egiten zuen grabazio horretan Lapuertak.
Francisco Mercadok berak eman zituen ezagutzera adierazpen horiek, berorrek egin baitzuen 8 minutuko grabazio hori, informazioa jasotze aldera. Indak ere entzun omen zuen grabazioa.
Hori dela eta, epaimahaiak Mercado eta Inda deituko ditu lehenik deklaratzera, eta, horien adierazpenen arabera, gainerako lekukoei hartuko die hitza.