Politika -
Martxoak 8
EAJ eta PSE, M8rako zuhurtzia eske; EH Bilduk eta EPk kriminalizazioa salatu dute
PP+Cs eta Vox, bestalde, aurtengo martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, manifestazioak egitearen kontra daude.
EITB Media | Agentziak
EAJ eta PSE-EE martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguneko manifestazioak debekatzearen kontra agertu dira, "osasunerako eskubidea eta aldarrikatzeko eskubidea bateragarriak direlako arduraz erabiltzen badira", baina zuhurtzia eta "beste modu batean" aldarrikatzea eskatu dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, bestalde, mugimendu feminista "estigmatizatzeko" saiakerak salatu dituzte, mobilizazioak deitzeagatik, eta uste dute "inoiz baino beharrezkoagoa dela kalera irtetea".
PP+CS eta Vox, bestetik, aurten manifestazioak egitearen kontra azaldu dira. PP+Csen arabera, mobilizazioak deitzea "ez dator bat" indarrean dauden neurri murriztaileekin, eta Voxek ohartarazi du jende pilaketek "arriskuan jarriko lituzketela gainerakoak, orain dela urtebete gertatu zen moduan".
Eusko Legebiltzarreko ordezkariek martxoaren 8ko mobilizazioei buruz eztabaidatu dute Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan.
EAJko Leizuri Arrizabalagak esan duenez, "asko aurreratu da berdintasunean, baina asko geratzen da egiteko", eta gogorarazi du martxoaren 8a "aldarrikapen eta ospakizun" eguna dela. "Aurten", ordea, "ez da mobilizazio handien urtea", osasun egoera "larria" delako oraindik, eta ez da, beraz, "jende elkarketa handiak bultzatzeko" momentua.
Gloria Sanchez PSE-EEko legebiltzarkideak esan duenez, bere alderdiak betidanik hartu du parte M8ko mobilizazioetan, baina aurten "beste modu batean" ospatu behar dira. Zentzu horretan, zuhurtziarako eta "manifestazio masiboetatik ihes egiteko" deia egin du, pandemia urte baten ostean "ezin dugulako akatsik egin".
Bestalde, EH Bilduko Nerea Kortajarenarentzat "bateragarriak dira, eta inoiz baino beharrezkoagoa kalera irtetea, emakumeen bizitzak eta sufritzen dituzten berdintasun eza, diskriminazioak eta indarkeriak ikustaraztea".
Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Isabel Gonzalezentzat, "alderdi honen DNAn berdintasunaren alde borrokatzea dago, ez bakarrik martxoaren 8an", eta salatu du "beste toki batzuetan", ez Euskadin, "mugimendu feminista kriminalizatzen eta zalantzan jartzen ari dela". "Kaleak aldarrikatzeko leku ezin hobea dira, eta guztion osasuna zaintzea eta arduraz mobilizatzea ez dira kontrajarriak", defendatu du.
PP+Cs taldeko Laura Garridok esan du martxoaren 8a "egun berezia dela, ez soilik emakumeentzat, baita gizarte osoarentzat ere", baina ohartarazi du aurten "desberdina" dela, "egoera desberdina delako, dena desberdina delako". Horregatik, uste du "zuhurtziarako eta ardurarako" deia egitea beharrezkoa dela, eta EAEko PPk egun horretarako egindako kanpaina gogorarazi du, "egun guztiak martxoaren 8a" izan behar direla esanez.
Azkenik, Voxeko Amaia Martinezek manifestatzeko eskubidea defendatu du, baina esan du ez dela une egokia "mota horietako eskubideak kalera heldu daitezen, batez ere modu masiboan".