Politika -
Kartzela-politika
ETAko beste bost preso lekualdatuko dituzte euskal espetxeetara eta gertukoetara
Asier Carrerak Zaballan beteko du zigorra; Mikel San Argimirok eta Aitor Esnaolak, Martutenen; Josu Ordoñezek, Salamancan, eta Gorka Martinezek, El Dueson (Kantabria).
agentziak | eitb media
Espainiako Espetxe Zuzendaritzak ETAko beste bost preso Euskal Herriko edo gertuko espetxeetara lekualdatzea erabaki du.
Zaballara (Araba) eramango dute Asier Carrera, 2.000. urtean Gasteizen Fernando Buesa buruzagi sozialista eta horren bizkartzain Jorge Diaz ertzaina hiltzea leporatuta 30 urteko zigorra betetzen ari dena.
Carreraz gain, Espetxe Zuzendaritzak ETAko beste lau kide lekualdatzea adostu du, eta horietako bi Euskal Herrira eramatea.
Hori da Mikel San Argimiroren kasua. Duela gutxi Caceresetik Soriara eraman ostean, Donostiako Martutene espetxean beteko du zigorra 2002tik gatibu dagoen presoak.
Espetxe horretara, Martutenera, eramango dute Aitor Esnaola ere, urrian Toledoko Ocañatik Soriara eraman ondoren.
Hurbilduko dituzten bost presoetatik, Josu Ordoñezek egingo du distantzia handiena, Cadizetik Salamancara eramango baitute. Cosme Delclaux enpresariaren bahiketan parte-hartzeagatik ari da zigorra betetzen.
Azkenik, Gorka Martinezek A Lamako (Pontevedra) presondegia utzi eta El Dueson (Kantabria) jarraituko du zigorra betetzen.