Politika -
Koronabirusa
Juan Carlos I.ari eta Cristina eta Elena infantei txertoa jarri diete
Arabiar Emirerri Batuetara joan ziren aita bisitatzera, eta covid-19aren txertoa jartzeko aprobetxatu zuten bidaia. Felix Sanz Roldan CNIko buruzagi ohiak ere hartu zuen txertoa.
eitb media
Elena eta Cristina Borboikoek covid-19ari aurre egiteko txertoa hartu dute Arabiar Emirerri Batuetan, Juan Carlos I.ari egindako bisita batean, El Confidencial agerkari digitalak jakinarazi duenez.
Komunikabide horren arabera, Espainiako errege emerituaren alabak otsaileko bigarren astean joan ziren Arabiar Emirerri Batuetara, eta aita bisitatzeko bidaia txertoa jartzeko aprobetxatu zuten. Juan Carlos I.ak eta Felix Sanz Roldan CNIko zuzendari ohiak ere hartu zuten txertoa. Azken hori Gabonetan izan zen aipatu herrialdean.
Elena infantak 57 urte ditu eta Madrilen bizi da; Cristina infantak, berriz, 55 urte ditu eta Genevan (Suitza) bizi da. Espainiako errege emerituak abuztuan egin zuen ihes Arabiar Emirerri Batuetara, iruzur fiskala egiteagatik ikerketapean dagoela publiko egin ostean.
Informazio hau zabaldu ostean, Iñigo Errejon Mas Paiseko buruak iragarri du Espainiako Gobernuari honi buruzko azalpenak eskatuko dizkiola Kongresuan.
Pablo Echeniquek (Unidas Podemos) esan du Borboikoen enegarren eskandalua dela, eta Gabriel Rufianek ere salatu du infantek egindakoa.