Politika -
Torturak
Mikel Zabalzaren heriotzaren audioak Europara eraman ditu Podemosek
Idoia Villanueva Nafarroako eurodiputatuak EBri galdetu dio ea "normaltasun demokratikoa" ote den Estatu kide batek torturak ez ikertzea.
E. G. | EITB MEDIA
Mikel Zabalza torturapean hil zutela frogatzen duten audioak Europara heldu dira, Idoia Villanueva Podemoseko eurodiputatuak egindako galdera parlamentario bati esker. Nafarroako politikariak Europako Batzordeari (EB) galdetu dio ea "normaltasun demokratikoa" ote den Estatu kide batek torturen salaketa bat ez ikertzea, audio horietan azalerazten dena kontuan hartuta.
Galderari ("Mikel Zabalzari egin omen zizkioten torturen inguruko ikerketa eta Espainiako Estatuko sekretu ofizialen legeak auzia ikertzeko jartzen dituen zailtasunak" izenburupean) idatziz erantzun beharko dio EBk.
Villanuevaren hitzetan, "Zuzenbide Estatu demokratiko batek gobernu ezberdinen ardurapean gertatutako tortura eta hilketa salaketak ikertu behar ditu. Memoria, justizia eta erreparazioa ez dira aukerakoak etorkizunari begiratu nahi dion gizarte demokratiko batentzat". Halaber, gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak aho batez eskatu duela audioak ikertzea.
Sekretu ofizialen legea
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hainbat aldiz zigortu du Espainia tortura salaketak ez ikertzeagatik, Villanuevak gogorarazi duenez. Era berean, nabarmendu du Kongresuak egiteke daukala sekretu ofizialen legearen erreforma.
Francisco Franco diktadoreak bultzatutako araudi horrek ezein dokumentu desklasifikatzea eragozten du, Espainiako Gobernuak baimendu ezean. Hori horrela, "ezkutuko gaiak" ez dira inoiz azalerazten, eta herritarrei oinarrizko eskubide hori ukatzen zaie.
Horren aurrean duen iritzia galdetu dio Villanuevak Europako Batzordeari: "Normaltasun demokratiko batean onargarria al da gobernu demokratikoen ardurapean dauden polizia etxeetan gertatutako ustezko hilketa, tortura eta delituak ez ikertzea eta argi gabe geratzea?".
Horrez gain, beste itaun hau ere egin dio: "Zer iruditzen zaio Batzordeari Estatu kide batek ez izatea ezkutuko gaiak desklasifikatzeko epemugarik?".