Politika -

Monarkia

Juan Carlos I.ak 4,3 milioi euroko beste zor bat kitatu du Ogasunarekin

Konkretuki, errege emerituak zortzi milioi euroko aitorpena aurkeztu du borondatez, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean. Alvaro de Orleansen Zagatka Fundazioak ordaindutako dirua da.

Juan Carlos I.a errege emeritua. Argazkia: EFE
Juan Carlos I.a errege emeritua. Argazkia: EFE
Juan Carlos I.a errege emeritua. Argazkia: EFE

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos I.a errege emerituak bigarren zerga erregularizazioa egin du hilabete gutxitan, zenbait ekitalditako errentak ez aitortu ondoren. Guztira gauzaz ordaindutako zortzi milioi euro dira. Ondorioz, lau milioi euro baino gehiago ordaindu dizkio errege emerituak Zerga Administrazioko Estatu Agentziari, El Pais eta El Español egunkariek jakitera eman dutenez.

Guztira, Juan Carlos I.ak 4.395.901,96 euro ordaindu ditu, atzerapen eta gainkargu interesak barne, Javier Sanchez-Junco emerituaren abokatuak ohar batean azaldu duenez.

Konkretuki, errege emerituak zortzi milioi euroko aitorpena aurkeztu du borondatez, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean. Alvaro de Orleansen Zagatka Fundazioak ordaindutako dirua da, baina Juan Carlos I.aren gastuak dira, batez ere hegazkin pribatuetan egindako bidaietan, bi egunkarien arabera.

Ordainketak 2018ra arte egin zituzten, 2014ko ekainean Felipe VI.arengan abdikatu ondoren; Juan Carlos I.ak bortxa-ezintasun pribilegioa galdu zuen unea.

Erregea fundazioaren onuraduna da. Errege Etxeak azaldu zuenez, Juan Carlos I.ak ez zuen informazio horren berri, eta horrela balitz, uko egin behar ziola erantsi zuen.

Horrela, iragan ekainean fundazioak estatutuak aldatu eta errege emeritua eta haren hiru seme-alabak onuradun gisa ezabatu zituen. Orduz geroztik, Alvaro de Orleans eta Andres, haren semea, onuradun bakar bezala agertzen dira, El Pais-ek zehaztu duenez.

Gestha Hazienda Ministerioko teknikarien sindikatuak ohartarazi duenez, errege emeritua erantzukizun penalaz libratu daiteke Zerga Administrazioko Estatuko Agentziaren eta Goreneko Fiskaltzaren “geldotasunari” esker.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak ziurtatu duenez, erregularizazioa ez da “albiste ona”, baina “betebeharrak betetzen ari ez direnekin” Estatuaren “zorroztasuna” agerian geratu da.

“Bere egoera fiskala edonoiz eta nahi bezala” erregularizatzeko errege emerituaren “tratu erraztasuna”, kritikatu du Oskar Matute EH Bilduko diputatuak.

Gerardo Pisarello Unidas Podemoseko diputatu eta Kongresuko Mahaiko idazkariak, ostera, “lotsagarritzat” jo du egoera. “Beste edonoren kasuan delitu fiskalagatik ikerketa abiatuko zuketen”, kritikatu du.

Dagoeneko Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean beste aitorpen bat aurkeztu zuen errege emerituak iragan abenduan, Espainiatik ihes egin eta lau hilabete geroago. Orduan Juan Carlos I.ak eta haren senitartekoek erabilitako banku txartelekin lotuta; ustez Allen Sangines-Krause enpresaburu mexikarraren funts opakuak erabili zituzten. Auzitegi Goreneko Fiskaltza auzia ikertzen ari da.

Azaro hasieran, Dolores Delgado Estatuko fiskal nagusiak hirugarren ikerketa baten berri eman zuen. Aurreko bi auzietan bezalaxe, Goreneko Fiskaltza arduratu da ikerketaz, Alejandro Luzon Ustelkeriaren aurkako fiskalburuaren laguntzarekin.

Mekara arteko abiadura handiko trenaren eraikuntzan komisioak ikertzen ari dira, baina litekeena da auzia artxibatzea, Felipe VI.aren aitaren delitu zantzurik aurkitzen ez dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Juan Carlos I.a Espainiako Felipe VI.a Delituak Espainia Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak