Politika -
Europako Parlamentua
Espainiaren 'presiorik' onar ez dezala eskatu dio Puigdemontek Europako Parlamentuari
Immunitate parlamentarioa kentzen badiete, Europar Batasuneko Justizia Auzitegian helegitea jarriko dutela iragarri dute Carles Puigdemontek, Toni Cominek eta Clara Ponsatik.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Europako Parlamentuko batzorde juridikoak Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati politikari katalanei immunitate parlamentarioa kentzeko Espainiako Auzitegi Gorenak igorritako txostena onartu zuen atzo. Gorenak immunitatea kendu diezaietela nahi du, Espainian epaitu ditzaten.
Gaur, hiru politikari independentistek agerraldia egin dute Europako Parlamentuan, eta Puigdemontek Espainiako Estatuaren "presiorik ez onartzeko" deia egin dio Europako Ganberari.
"Batzorde horren erabakia espero genuen arren, lotsagarria da. Vox alderdi faxista, PP, PSOE eta Ciudadanos pozik agertu dira. Azken alderdi horrek zuzentzen du batzordea, eta horrek erakusten du hasieratik salatu izan duguna: prozedura honek jatorri politikoa duela", adierazi du Generalitateko presidente kargugabetuak.
Immunitate parlamentarioa kentzen badiete, Europako Parlamentuak munduaren aurrean erakutsi nahi duen maila demokratikoa zein den erabaki beharko duela ohartarazi du: "Epaiketarik gabe gu kartzelatzea ahalbidetzen badute, eskandalu bat izango litzateke Errusian gertatuko balitz". PSOEk, PPk, Ciudadanosek eta Voxek helburu hori dutela nabarmendu du.
"Immunitatea kentzen badigute, Europako demokraziak aurrekari bat ezarriko du disidente eta gutxiengo politikoek beren herritarrak gainerako alderdien baldintza berberekin babesteko aukera izan dezaten", erantsi du.
Balizko helegitea Europar Batasuneko Auzitegian
Hiru politikarien egoerari buruzko erabakia hartzeko osoko bilkura martxoaren 8an egingo dute. Ordura arte prest agertu dira gainerako talde parlamentarioetako ordezkariekin hitz egiteko eta beren eskubideen defentsan azkeneraino joango direla ziurtatu dute.
Bataila Europako Parlamentuan amaitzen ez dela azpimarratuta eta immunitatea kendu arren, biharamunean eurodiputatu izaten jarraituko dutela gogoratu dute. Eta Espainiak euro-agindua aktibatzen badu, Belgikako Justiziaren aurrean agertuko direla eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegian, Luxenburgon, helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.
"Alemaniak nire estradizioa onartuko zuela esan zuten, baina hemen nago. Belgikatik estraditatuko gintuztela esan zuten, baina hemen gaude. Eta eurodiputatu izango ez ginela esan zuten, baina eurodiputatuak gara", nabarmendu du Puigdemontek.